ANBOTOk, Tokikomeko herri komunikabideekin eta EITBgaz elkarlanean, mugikortasunaren inguruko lanketa berri bat plazaratu du. Hedabideek hartu dute konpromisoa mugikortasunaren ertzak aztertzeko, eta honako hedabide honek generoan ipini du fokua, eskualdeko auto gidarien argazkia egiteko. IKEI ikerketa etxearen datuak erabili dira errepideetara hurreratzeko.
Datuek agerian uzten dutenez, genero arrakala ez da gizarteko beste eremu batzuetan bezain nabarmena. Hala eta guztiz ere, biztanleria aldetik emakumeak zertxobait gehiago izan arren, gizonek presentzia apur bat handiagoa dute errepidean: gidarien %43 dira emakumeak, eta %57 gizonak.
Joera hau ere ikusi daiteke datuetan: hamarkada batean, puntu eta erdi igo da emakume gidarien presentzia. 2014an, adibidez, 4.536 emakumek zeukaten gidabaimena eskualdean, hau da, gidarien %41,9k. Hamar urte gerora, 2024an, gidarien %43,3 ziren emakumeak.
Datuek beste joera eta kasuistika batzuen berri jakiteko ere balio dute. IKEI ikerketa etxeko datu basearen arabera, Izurtzan nabarmen egin du gora emakume gidarien kopuruak. 2014an, udalerriko emakumeen erdiek baino gehiagok zuten gidabaimena (%55). Handik hamar urtera, eta biztanleriaren proportzionaltasuna kontuan hartuta, lautik hiru ziren (%75).
Gainerako udalerrietan ere antzeko joerak topatu daitezke, nahiz eta mugimenduok apalagoak izan. Mallabian, adibidez, %56 ziren emakume gidariak 2014an. 2024an, ostera, ia hamar puntu egin zuen gora kopuruak: emakume mallabitarren %65 irteten zen errepideetara.
Garaiko emakumeen artean berdintsua izan da joera: %51 izatetik %60 izatera pasatu dira. Eta Mañarian ere, apalago bada ere, gora egin du emakume gidarien kopuruak, %56tik %60ra pasatuz.
Azpimarratzekoa da zerrendaturiko udalerri horiek guztiak landa eremukoak direla gehienbat. Horrek beste errealitate bat ere ipintzen du mahai gainean: garraio publikoa eta bere lotuneak baserri giroan urriagoak izan daitezkeela eta, horrek handitu egin lezake auto pribatuaren beharrizana, herrigune urbanoen aldean.
Durangon eta Zornotzan, adibidez, emakumeen %48k zuten gidabaimena 2014an. 2024an %51 ziren, hiru puntu gehiago. Zornotzan antzekoa da argazkia.
Datuetara mugatu barik, istorio bila ere irten dira kalera. Mila Arana Goikoetxea, 82 urteko gidaria, autoa egunero erabiltzen duela kontatu du, Axpe baketsuan bizi izanda behar-beharrezko tresna duelako errekaduak egiteko. Bestalde, Eneritz Urzuriaga automobilaren beste ertz bat aztertu du beragaz, rally eta motor munduan emakumeek duten gero eta leku nabarmenagoa aztertuz.




