Amorebieta-Etxanoko Udala k “Ongi etorri mundura, txiki!” izeneko argitalpen berri bat kaleratu du. Ekimen honen helburua da 0 eta 3 urte bitarteko haurrak dituzten familiei laguntza eskaintzea eta eguneroko bizitzan euskara modu natural eta hurbilean txertatzeko baliabideak ematea.
Ainhoa Salterain Gandariasek, Amorebieta-Etxanoko alkateak, azpimarratu duenez, "haur baten etorrerak etapa berri bat irekitzen du, ikaskuntzez, aurkikuntzez eta partekatutako unez betea. Udaletik familiei lagundu nahi diegu bide honetan, euskarara modu naturalean hurbiltzen lagunduko dieten baliabideak eskainiz, maitasunetik eta eguneroko bizipenetik abiatuta."
Argitalpenak aholkuak, jolasak, abestiak eta hainbat baliabide biltzen ditu, familiek euskara eguneroko bizitzan modu erraz eta hurbilean integratu dezaten. Liburua bai euskara jada erabiltzen duten familientzat, bai hizkuntzan lehen urratsak ematen ari direnentzat pentsatuta dago.
“Euskara gure nortasunaren funtsezko zatia da, eta nahi dugu belaunaldi berriek lehen egunetatik bizi ahal izatea: etxean, kalean, jolasen, abestien eta eguneroko une txikien bidez. Liburu hau helburu horrekin sortu da: zornotzar familia guztientzako tresna hurbila izatea, bakoitzaren hizkuntza-errealitatea edozein dela ere”, gaineratu du alkateak.
Paperezko argitalpenaz gain, udalaren webgunean gune espezifiko bat jarriko da martxan. Bertan, liburuaren edukiak eta baliabide osagarriak eskuragarri egongo dira. Argitalpenak hainbat bertsio ditu: euskara-gaztelania, euskara-errumaniera eta euskara-arabiera, udalerriko familien aniztasunari egokitzeko.
Liburuaren aurkezpen ofiziala irailaren 25ean, ostirala, 17:30ean izango da, Zelaietan. Ekitaldian alkateak liburua aurkeztuko du eta, ondoren, Kontu Kantari taldeak argitalpenean jasotako abestiekin ikuskizuna eskainiko du. Udalak lehen banaketa honetan 0 eta 3 urte arteko 350 haur ingururi emango die liburua, eta aurrerantzean jaiotzen diren haur berrien familiei ere eskainiko zaie.




