Udalerriak manga, animea, bideojokoak, cosplaya, musika, zientzia, tailerrak eta japoniar kultura tradizionala uztartuko dituen jaialdia hartuko du berriro. Aurten, hogeigarren urteurrena ospatuko da, eta hori dela eta, programazio berezia antolatu da, publiko guztientzako doako jarduerekin, betiere aforoa bete arte.
Aurtengo edizioan hainbat gonbidatu nabarmen izango dira, hala nola Folagor, Zequio eta Rebecca Vilches, Fisicomic, Mitsuru Nagata eta Naruto euskaraz bikoiztu duten profesionalak. Egitarauak topaketak, tailerrak, erakustaldiak eta lehiaketak jasoko ditu. Gainera, Go!azen telesaileko Julen Taboada karaoke lehiaketako gonbidatu berezia izango da.
Larunbatean, jaialdiaren ibilbidea errepasatuko duen eta urte hauetan parte hartu duten pertsona eta erakundeak aitortuko dituen 20. urteurrenaren omenezko ekitaldi berezia izango da. Bertan izango dira, besteak beste, Jokin Lacalle, Santi Romano, Leire Iturbe, Igone González eta Sofia Izaguirre.
Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak nabarmendu duenez, "Mangamore gure udalerrian errotuta dagoen hitzordua da, eta aurten bere 20 urteko ibilbidea ospatzeko aukera izango dugu". Salterainek azpimarratu du "jaialdiak hazten eta garatzen jakin duela, bere izaera ireki, parte-hartzaile eta familiarra galdu gabe, eta japoniar kultura adin guztietako publikoari hurbilduz".
Jaialdia udalerriko hainbat gunetara zabalduko da. Zelaieta Zentroak Artist Alley-a, tailerrak, bideojokoak, karta- eta rol-jokoak, erakusketak, familientzako jarduerak, hitzaldiak eta beldurrezko pasarte bat hartuko ditu. Gainera, japoniar kaligrafia, Sumi-e, tearen zeremonia, kimonoa eta japoniar poesiaren inguruko proposamenak ere izango dira.
Zelaieta parkean stand komertzialak eta gune gastronomikoa kokatuko dira, softcombat jarduerekin, argi-ezpata borrokarekin eta Star Warseko 501. Legioaren presentziarekin batera. Txu Txu trena ere itzuliko da, eta Antxeta by Taberu tabernak pintxo berezi bat eskainiko du.
Eskaintza Zornotza Aretoan eta Herriko Plazan osatuko da; bertan, pantaila handiko bideojoko txapelketak, ume eta nerabeentzako puzgarriak eta Umore Horia jarduerak egingo dira.
Tokiko eragileen parte-hartzea nabarmena izango da aurten ere. Amorebieta-Etxanoko artistek, elkarteek, establezimenduek eta kolektiboek zuzenean parte hartuko dute programazioan, hala nola Artist Alley-an parte hartuko duten sortzaileek, Forjadores elkarteak, Antxeta by Taberu establezimenduak eta Ukabidea taldeak.
Programazioak adin eta profil desberdinetara zuzendutako jarduerak bilduko ditu, haurrentzako eskulanetatik hasi eta karta, rol eta bideojoko txapelketetara, bikoizketa tailerretara edo ilustrazioarekin eta japoniar kulturarekin lotutako proposamenetara arte. Mangamorek bere izaera ireki, parte-hartzaile eta belaunaldien artekoa mantentzea du helburu.
Mangamorerako sarrera librea eta doakoa izango da, aforoa bete arte. Lehiaketetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da jaialdiaren webgunearen bidez, eta zenbait tailerretarako aurrez aurreko izen-ematea egongo da urriaren 10ean, larunbatean, 11:00etatik aurrera, plazak bete arte.
Jaialdia urriaren 10ean, larunbatean, 11:00etatik 21:00etara, eta urriaren 11n, igandean, 11:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Programazio osoa eta informazio praktikoa jaialdiaren webgune ofizialean kontsulta daitezke.




