Eskoriatza eta Aretxabaleta udalek eta bertako ikastetxeek Eskola Agenda 2030 egitasmoa jarri dute martxan berriro. Programa honek Garapen Jasangarrirako Helburuak oinarri hartzen ditu eta ikasleen partaidetza aktiboa sustatzen du, hezkuntza komunitatea tokiko errealitatearekin lotuz.
Aurtengo ikasturtean, ongizate emozionala izango da ardatz nagusia, Garapen Jasangarriko 3. eta 11. helburuekin lotuta. Azterketa zientifikoek naturak eta espazio berdeek osasun mentalean duten eragina azpimarratzen dute. Horregatik, ikasleek ingurune fisikoak eta emozionalak euren ongizatean duten garrantzia aztertuko dute.
Ikasleek ibilbide oso bat egingo dute: herriko guneak aztertu, indarguneak eta hobetzeko alderdiak atzeman, eta ekintza eraldatzaile bat antolatuko dute. Proiektuaren lehen urrats publikoa Udal Foroa da. Aretxabaletan azaroaren 4an egin zuten topaketa, eta Eskoriatzan azaroaren 26an izango da hurrengoa. Bertan, ikasle ordezkariek ikasturteko erronka nagusiak aurkeztuko dizkiete tokiko agintariei.
Programan Luis Ezeiza Herri Eskola, Arizmendi Ikastola eta Kurtzebarri LH eta DBHko ikasleek, irakasleek eta bi udaletako ordezkariek hartzen dute parte. Helburua argia da: bi herriak jasangarriago, seguruago eta emozionalki osasuntsuago bihurtzea.




