Durangon ospatu zen joan zen domekan Bizikleta Solidarioa ekimena, Europako Mugikortasun Astearen barruan. Eneicat txirrindulari elkarteak antolatutako ekimenak arrakasta handia izan zuen, hamabost ikastetxetako 478 ikaslek parte hartu baitzuten. "Espero genuena baino askoz gehiago dira", adierazi zuen Eneritz Iturriagak, Eneicat-eko ordezkariak.
Parte-hartzaileek bizikleta hartu eta Durangotik zein inguruko herrietatik hainbat ibilbide egin zituzten. Ekimenak izaera solidarioa izan zuen, eta bildutako dirua, 5.041 euro, La Cuadri del Hospi elkarteari eman diote gaur eguerdian Ezkurdi plazan egindako ekitaldian. "Dirua Euskadin aitzindaria den proiektu batera bideratuko dugu, umeen kantzerraren tratamendua kirolaren onurekin uztartzen duen proiektu batera", azaldu zuen Susana del Amok, elkarteko kideak.
Ekimenak ikastetxeen arteko erronka bat ere izan zuen, eta gaur banatu dituzte sariak. Sariak erabakitzeko irizpidea ikasle kopuruaren eta ekimenera joandako ikasle kopuruaren arteko batez bestekoa izan da. Horrela, Nevers ikastetxea izan da onena, 1.000 euroko saria eskuratuz. Jesuitak ikastetxea eta Zabalarra ikastetxea izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. San Antonio ikastetxea laugarren sailkatu da.




