Duela 50 urte sortutako 'Ikimilikiliklik' sentikariaren harira, Loraldiak ekoitzitako 'Ikimilikiliklik Vol.2' ikuskizuna helduko da Usurbilgo Dema Plazara larunbatean, hilaren 18an, 22:30ean. 650 Usurbil Bizi egitasmoak eta NOAUA! Kultur Elkarteak antolatuta, ikuskizunak euskal sorkuntzaren erakusleiho izatetik haratago, sortzaileak elkartu eta ekoizpen berriak bultzatzen dituen eragile aktibo gisa definitzen den Loraldiaren espiritua gorpuztuko du.
Edurne Azkarateren zuzendaritzapean, Iñaki Salvador, Oreka Tx taldeko Harkaitz Martinez de San Vicente eta Itziar Navarro, Libe Kortazar, Intza Alkain eta Itziar Garaluce arituko dira oholtzan. Sortzaileek adierazi dutenez, "abangoardiaren oihartzuna berriro loratuko da" uztailaren 18an.
Jatorrizko sortzaileek izan zuten ausardia bera hartuta, "garaikideak, esperimentalak eta ausartak izateko" baimena eman diote euren buruari, duela 50 urteko ausardiaren eta gaur egungo sorkuntzaren arteko zubi artistikoa sortuz. Ikuskizuna Usurbilen eskaintzea esanguratsutzat jo dute, bertan baitaude bizirik Ez Dok Amairuren, Artze anaien, Mikel Laboaren eta Jose Luis Zumetaren arrastoak. Antzokietarako sortutako emanaldia plaza irekira ekartzeak erronka tekniko eta artistiko handia suposatuko du, espazioa, argia, soinua eta zuzeneko irudiak egokituz.
NOAUA! K.E.-ren kudeatzaile Alaitz Aizpuruak azpimarratu duenez, "zalantzarik ez zuten izan Usurbil zela plaza egokia hori eskaintzeko", izan ere, "Euskal kultura da 650 Usurbil Bizi proiektuaren ardatzetako bat eta gure lanaren helburu nagusietako bat Usurbil izan denaren transmisioa da". Bi proiektuen helburuak bat egiten dute.
Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietarentzat, hitzordua 650 Usurbil Bizi egitasmoarekin bat dator, "Usurbil ezberdin asko" ezagutzeko aukera ematen baitu, tartean "Ez Dok Amairuren Usurbil ere", mugimendu horren sorterria izan zelako eta bertako kide izan ziren Jose Luis Zumeta, Artze anaiak, Mikel Laboa eta Remigio Mendiburu eskultorearen lanak gogoratuz.
Antolatzaileek argi dute "ez dela omenaldi bat, ezta birjarpen bat ere", baizik eta "jatorrizko Ikimilikiliklik bidekidekariarekin elkarrizketan sorturiko ikuskizuna". "Jatorrizko Ikimilikiliklik-i zor diogun minimoa beraiek jokatu zuten bezain garaikide jokatzeko baimena hartzea da", adierazi dute, "errespetuz begiratzen diogu bai ondareari, bai gaur egungo ausardia artistikoari ere".
Duela mende erdi plazaratutako lan berritzaile hartan, musika, poesia, ikus-entzunezkoak eta artea uztartu zituzten Mikel Laboak, Artze anaiek eta Jose Luis Zumetak, besteak beste. Lan hark "euskarazko modernitatearen eta esperimentazioaren ikur" bihurtu zuen eta Loraldia ekoizleak "XXI. mendeko Ikimilikiliklik" aurkeztuko du, kultur-diziplina ezberdinen uztarketan oinarrituta.
2025eko azaroan Iruñean estreinatu ondoren, biran jarraituko du ikuskizunak 2027ra arte. Usurbilgo geldialdia berezia izango da, jatorrizko sortzaileetako hainbat bertakoak baitira. Areto itxietarako prestatutako lana, estreinakoz, plaza ireki batean eskainiko da, "euskarazko kultura garaikidearen transmisioa, berrikuntza eta ikusgarritasuna sustatzeko apustuaren parte" gisa.
'Ikimilikiliklik Vol.2' emanaldia uztailaren 18an, larunbatean, 22:30ean izango da Usurbilgo Dema Plazan. Sarrera doakoa da. Antolatzaileak: 650 Usurbil Bizi eta NOAUA! Kultur Elkartea.




