Bi hilabete eta erdi baino gutxiago falta dira Usurbil jai giroan murgiltzeko, uztailaren 1etik 5era ospatuko diren festekin. Jai batzordea otsailean hasi zen prestaketa lanekin, eta ordutik, herri eragile eta norbanakoen bilgune izan da, ekimenak proposatu eta egitaraua osatzeko.
Orain, batzordeak beste urrats bat eman du, festei hasiera nork emango dien eta egitarauaren diseinua hautatzeko deialdiak plazaratuz. Parte hartzeko epea apirilaren 21ean ireki eta maiatzaren 19ra arte luzatuko da.
Txupinazorako hautagaiak aurkezteko, herritarrek bi bide dituzte: telematikoki kultura@usurbil.eus helbidera bidaliz, edo presentzialki jai batzordeak udaletxean, liburutegian, kiroldegian eta Potxoenean jarritako kutxetan sartuz. Hautagaia edo hautagaiak nortzuk diren eta zergatia zehaztu beharko da.
“"Parte hartzaileek lehiaketaren oinarriak udalean eskatu behar dituzte, eta lanak udaleko harreran aurkeztu behar dira."
Egitarauaren diseinu lehiaketari dagokionez, Udalak eta jai batzordeak antolatu dute. Sorkuntza lanak aurkezteko epea apirilaren 21etik maiatzaren 19ra artekoa izango da. Aurtengo saridunak 600 euroko ordainsaria jasoko du, iazko edizioan baino ehun euro gehiago. Parte hartzaileek euskarazko bertsioa eta elebiduna diseinatu beharko dituzte hasieratik.




