Usurbil herri zaintzaileagoa bilakatzeko helburuarekin antolatzen den "Goazen Kalera" dinamikaren ekainaren 23ko ibilaldia bertan behera geratu da, egungo bero-boladaren ondorioz. Udalak, hainbat sailen artean egindako larrialdi bilera batean, gomendio eta neurri sorta aztertu eta onartu ondoren hartu du erabaki hau, indarrean dauden alarma eta alerten harira.
Bereziki, aire zabaleko jardueretarako, pertsona zaurgarrienei zuzendutako neurriak eta laneko arriskuak aztertu ziren. Pertsona zaurgarrienen kasuan, udalak erabaki zuen ekainaren 23ko "Goazen Kalera" saioa ez egitea, paseoa gauzatzeko baldintza egokirik ez dagoelako.
Udala, eragileekin elkarlanean, ibilaldiekin jarraitzeko asmoa du. Aldaketarik ezean, hurrengo hitzordua ekainaren 30ean izango da, herri erdigunean barrena. Uda osoko ibilaldiak ere aurreikusita daude, normalean asteartero izaten diren 10:30etik 12:00etara bitarteko ordutegian. Aurrerantzean, paseo motzak izango dira, eta amaieran kafetxo bat hartzeko aukera eskainiko da.
Antolatzaileek urte hasieran kaleratu zuten ibilaldi osasuntsuen egutegia, eta aurten abuztura arte luzatuko da. Zerbitzuak itxi edo ordutegiak murrizten diren udan adinekoengan sor daitekeen bakardadea arintzeko eskaintza hau sortu zen. Artzabalgo Eguneko Arreta zerbitzua abuztuan ere eskaintzeaz gain, astean behin paseo motz bat eta tertulia proposatu zen, harrera ona izan zuena, 35 bat herritarrek parte hartu baitzuten. Horregatik, ekimenaren balorazio positiboa eginda, aurten ere errepikatzea erabaki da.
Ibilaldi hauek herri osoari zuzenduta daude eta doan dira, aurrez izena eman beharrik gabe. "Goazen kalera, Usurbil" ekimenak, ariketa fisikoa egiteaz gain, belaunaldi artekotasuna sustatzea eta elkarren arteko zaintza eta harremanak bultzatzea du helburu, antolatzaileen esanetan.
Informazio gehiago nahi izanez gero, Gizarte zerbitzuen egoitzara jo daiteke (Kale Nagusia, 43) edo 943 371 951 telefono zenbakira deitu.




