Usurbil F.T. bere 50. urteurrena ospatzeko prest da, eta horretarako ekitaldi sorta antolatu du datozen egunetarako. Larunbatean, ekainaren 20an, futbol zelaira itzuliko dira garai desberdinetako jokalariak, bai emakumezkoak zein gizonezkoak. Goizeko 10:00etan emakumezkoen neurketa izango da, eta 12:00etan, gizonezkoen partida jokatuko dute Realeko beteranoen aurka.
Gainera, taldeak Sutegin ireki zuen ekainaren 12an hasitako erakusketa bisitatzeko aukera dago ekainaren 28ra arte. Kultur etxeko auditorioan, ostegunetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etara, taldearen 50 urteko ibilbidea erakusten duten argazki eta dokumentuen bilduma zabala ikus daiteke.
Hilaren 27an, larunbatean, egun osoko jaialdia izango da. Goizean, futbol eskolako eta infantil mailakoentzat ginkana antolatu da. Eguerditik aurrera, txaranga ibiliko da herrian, eta iluntzean, The Hastelen´s taldeak emango duen erromeria eta ondoren DJ saioa izango dira Mikel Laboa plazan.
Jaialdi honen baitan, bazkari berezia antolatu da ekainaren 27an, 14:30ean, Agerialdeko frontoian. Bertan, egungo eta iraganeko taldekideak elkartuko dira. Aurrez izena eman zutenek lehentasuna izango dute bazkarirako, eta izen-emate ofiziala zabalik dago oraindik taldearen sare sozialetan argitaratutako galdetegiaren bitartez.
Antolatzaileek adierazi dutenez, "Ekainaren 27an Usurbil F.T.-ren 50. urteurrena dela eta egun handia antolatu dugu goizetik hasi eta gaueraino". Informazio gehiago edo izen-emateko zailtasunak izanez gero, usurbil.uft@gmail.com helbidera idatz daiteke.




