Manttale euskaltzaleen taldea ez da geldirik geratzen. Kultur paisaian Kantazaun egitasmoa finkatu dute jada, euskal kantagintza hauspotzeko hileroko hitzordua. San Migeletan ere bazkaria antolatzen dute, eta aurten, bertsolarien ordez, bakarrizketa-saioa iragarri dute irailaren 27rako. Txartelak Bikainen jarriko dituzte salgai.
Aurten, gainera, Aurorak izeneko ekimen berri batekin datoz. Goizueta eta Hernani aldean ezagun zen ohitura hori Urnietan ere errealitate bilakatuko dute. Irailaren 19an, goizeko 08:00etan hasita, kalez kale kantuan arituko dira, akordeoia lagun dutela. Liburuxka batean jasotako doinu eta letra sorta izango dute, kide bakoitzak bana izan dezan.
Ekimena prestatzeko, irailaren 10ean eta 17an, arratsaldeko 18:00tatik 20:00tara, Kiroldegian bildu dira dagoeneko. Euskarak kalean espazioa galdu duela eta hori berreskuratzea dela Manttaleren helburuetako bat azpimarratu dute, 'Aurorak' abian jartzearen arrazoi nagusia euskara kalean maizago entzutea izanik.
Aurorak ekimenak tradizio handia du Nafarroako eta Arabako hegoaldean. Arabako Alea hedabideak jaso duenez, ohitura horrek bilakaera izan du, kutsu erlijiosotik harago joanez. Erlijioaren alorrean geratu direnek zailago izan dute bizirautea. Abestera ateratzen den taldea zirkulu batean bildu ohi da, eta musika tresnaren batekin laguntzen dute. Agurain, Guardia, Lantziego, Lagran, Labraza, Oion, Pipaon edo Santikurutze Kanpezu bezalako herrietan mantentzen dute tradizioa, batzuek letra eta musika gaurkotasunari lotuta aldatuz.
Laster entzungo dira beraz, Aurorak, Urnietako kaleetan.




