Errenteriako Udalbatzak atzo onartu zuen udalerrian Turismo Egonaldiaren gaineko zerga ezartzea arautuko duen ordenantza berria. EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen, Alderdi Sozialistaren eta Eusko Alderdi Jeltzalearen aldeko botoekin atera zen aurrera mozioa, eta Partido Popular alderdiak abstentzioa baliatu zuen. Zerga berri hau 2027ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, izapidetze prozesua amaitu ondoren.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek 3/2026 Foru Araua onartu izanak eman dio udalerriari zerga hau aplikatzeko aukera, zeinak turismo-egonaldien gaineko zerga arautzen duen lurralde historikoko udalerrietan. Foru araudiak ezarritako gutxieneko tarifak jasotzen ditu ordenantzak, turismo-ostatuen kategoria desberdinetarako. Salbuespen gisa, turismo-erabilerako etxebizitzei tarifa maximoa aplikatuko zaie.
Udalerrian dagoen eskaintza kontuan hartuta, tarifak honela ezarri dira: 2 izarreko hoteletan euro bateko zerga, nekazaritza-turismoko establezimenduetan 0,50 eurokoa, landa-etxeetan 0,75 eurokoa, eta turismo-erabilerako etxebizitzetan 6,50 eurokoa. Neurri honek bat egiten du Errenteria Etxebizitza-eremu Tentsionatu izendatzearekin, etxebizitzarako eskubidea eta haren erabilera lehenesteko helburuarekin.
Zerga berria aldi baterako egonaldiei aplikatuko zaie, eta bisitariek udal zerbitzuen mantentzeari ekarpena egitea du helburu. Zerga egonaldi-unitate bakoitzari ezarriko zaio, hau da, pertsona batek turismo-ostatu berean egiten duen egonaldi bakoitzeko. 24 ordu baino gutxiagoko egonaldiak ere unitate bakartzat hartuko dira, eta egonaldi etengabe bakoitzeko gehienez sei unitate ordaindu beharko dira.
Araudiak hainbat salbuespen ere jasotzen ditu. Besteak beste, 18 urtetik beherakoen egonaldiak, osasun-, desgaitasun- edo mendekotasun-arrazoiengatik egindakoak, baita ikasketa, ikerketa, programa sozial edo ezinbesteko egoerekin lotutakoak ere salbuetsita egongo dira.
Udalbatzak hartutako erabakia jendaurrean jarriko da 30 egun balioduneko epean. Epe horretan, interesdunek erreklamazioak eta oharrak aurkezteko aukera izango dute.




