El Campillo zentro zibikoak Casco Viejo auzoaren memoria eta aniztasuna nabarmenduko ditu bere 40. urteurrenaren amaieran. Bi ekimen antolatu dira: ‘El Casco Viejo en nuestras fotos’ ikus-entzunezkoaren estreinaldia, azaroaren 26an Aldabe zentro zibikoan, eta ‘El tejido humano de nuestro barrio: hilos que forman un gran lienzo’ argazki erakusketaren aurkezpena, Eneko Etxebarrieta argazkilariak egina, azaroaren 27an El Campillon bertan.
Miren Fernández de Landa, Gobernu Ireki eta Zentro Zibikoetako zinegotziak, nabarmendu duenez, "El Campilloren 40 urteak ospatzea auzo baten historia, bere bizilagunen historia, bere aldaketen eta hamarkada hauetan kolektiboki eraiki den guztiaren historia ospatzea da. Urteurren honek partekatutako memoriaren balioa aitortzeko balio dezala nahi dugu, baina baita gaur egungo Casco Viejori begiratzeko ere, auzo bizi, anitz eta istorioz betea baita."
Azaroaren 26an, osteguna, 18:00etan, Aldabe zentro zibikoaren ekitaldi aretoan estreinatuko da ‘El Casco Viejo en nuestras fotos’. Bideo honek auzoari lotutako oroitzapenak, irudiak eta istorio txikiak berreskuratuko ditu, "Istorio txikiek ere auzoa egiten dute" lelopean. Proiekzioa herritarrentzat zabalik egongo da, sarrera librea betetzen den arte. BIZAN zentroek (Coronación, San Prudencio eta Landázuri) ere parte hartu dute ekimen honetan.
Bigarren ekimena, berriz, azaroaren 27an, ostirala, 19:30ean izango da El Campillon. Bertan aurkeztuko da Eneko Etxebarrieta ren ‘Las personas que habitamos en el barrio, los hilos que conforman nuestro paño’ argazki erakusketa. Lan honek 33 erretratu erakusten ditu, auzoko hainbat jatorri, ibilbide eta esperientzia dituzten bizilagunenak. Fotografo gasteiztarrak bere auzoko aniztasun jendea aurkitu zuen bere mundu biran ezagututakoa islatzeko, eta erakusketa honekin, auzoko biztanleak ospatu nahi ditu, elkarbizitzaren eta hiriko aberastasun kulturanitzaren aldeko omenaldi bisual batean.
Urteurrenak, urtean zehar, El Campilloren ibilbidea aitortu du, Casco Viejoko komunitate-bizitzarako erreferentziazko gune gisa. Lau hamarkadatan zehar, auzoaren bilakaerari lagundu dio eta bizilagunen arteko loturak ehundu ditu kultura, parte-hartze eta jarduera partekatuen bidez.




