Errenteriako Udala k 2026ko urriaren 1ean jarriko du martxan 8. Bizi Errenteria bonu kanpaina, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea sustatzeko eta herritarren kontsumoa udalerriko establezimenduetara bideratzeko helburuarekin. Bonuak azaroaren 30era arte erabili ahal izango dira kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan.
Aurtengo kanpainak berritasun garrantzitsu bat izango du: herritarrek ez dute bonua aldez aurretik eskuratu beharko, erosketa egiten duten unean bertan aktibatu edo jaulki ahal izango baita establezimenduan. 2020an abiatutako BIZI Errenteria egitasmoaren baitan, orain arte zazpi kanpaina gauzatu ditu Udalak, tokiko ekonomia bultzatzeko eta herrian erosteko ohitura sustatzeko asmoz.
Sistema berriarekin, Udalak herritarrentzako izapideak murriztu, aurreko edizioetako arazo teknikoak gutxitu eta establezimenduak kanpainaren parte aktibo bihurtu nahi ditu. Horrela, tokiko merkataritzaren, ostalaritzaren eta zerbitzuen sektorearen eta herritarren arteko harremana indartu nahi da.
Bonuak ez dira establezimendu bakoitzari esleituko; beraz, kanpainari atxikitako establezimenduetan erabili ahal izango dira, aurrez establezimendu jakin bati lotu beharrik gabe. Horri esker, kanpainaren eragina udalerriko establezimenduen sare osora zabaltzea bilatzen da.
Aurten, %70eko erabilera-mailara iristea da helburua, aurreko kanpainan lortutako %69a gaindituz. 2026ko ekainaren 10eko erroldako datuak hartu dira kontuan: 18 eta 35 urte bitarteko gazteei hiru bonu eta 35 urtetik aurrerakoei bi bonu dagozkie. Guztira, 54.177 bonu inguru jarriko dira zirkulazioan.
Helburua ez da soilik bonu kopuru handi bat eskaintzea, baizik eta jaulkitzen diren bonuak benetan erabiltzea eta horrek tokiko ekonomian eragin handiena sortzea. Ia 300.000 euroko udal-ekarpenaren bidez, gutxienez 600.000 euroko kontsumo-bolumena sortzea aurreikusten da.




