Astigarraga ko tabernetan hasi zen atzo XXVI. Sagar Uzta ren egitaraua, sagarrarekin eta haren eratorriekin egindako pintxoen lehiaketa eta dastaketarekin. Lehiaketan Bukoi taberna atera zen garaile, Beti Goxo bigarren postuan sailkatu zen eta Zipotza hirugarren. Lehiaketan parte hartu zuten gainontzeko tabernak Kaizoku, Laket, Ibai Lur eta The Robin izan ziren.
Aurten, Basque Culinary Center reko bi irakaslek osatu dute epaimahaia: Gonzalo Parras zerbitzu-arloko koordinatzaileak eta Carlos Collado sukaldaritza-arloko koordinatzaileak. Epaileek azpimarratu zuten lehiaketaren maila urtez urte hobetzen ari dela eta aurten oso altua izan dela.
Leire Alkorta, Sagardoaren Lurraldeko gerenteak, azpimarratu zuen uztaren garaia sagarraren kultura herritarrekin partekatzeko eta belaunaldiz belaunaldi transmititzeko aukera paregabea dela. "Sagar Uztaren helburu nagusietako bat sagarra gure herriaren kulturaren, ondarearen eta bizimoduaren parte bezala ulertzea da", adierazi zuen.
Alkortak gaineratu zuen ezagutza hori praktiken bidez transmititzen dela, hala nola, sagarra biltzen, dolareko lanak egiten, kirikoketa edo txalaparta jotzen eta sagardo zein muztioa dastatzen. Horregatik, haurrek eta familiek jaian parte hartzea garrantzitsua dela nabarmendu zuen.
Larunbatean, Sagar-bira mendi-ibilaldia egingo da Josu Osa rekin, eta igandean, berriz, jarduera ugari izango dira familientzat. Aurreikuspenen arabera, larunbateko ibilaldian 30 bat lagunek parte hartuko dute eta igandeko sagar biltzean 160 bat lagunek.
Egitaraua Astigarragako Udala, kultur taldeak, tabernariak, baserritarrak, herriko elkarteak, babesleak eta bolondresen elkarlanari esker da posible. Larunbatean, Santiagomendi inguruko sagastietan barrena ibiliko dira, eta igandean, sagarra biltzeaz gain, sagardogintzako ohiko lanak erakutsiko dira, hala nola, txikitu eta prentsatu edo zanpatzea.
Igandean ere azoka eta erakusketak izango dira plazan: sagar erakusketa eta dastaketa, txertaketa erakustaldiak, haurrentzako marrazketa tailerra Astigarte elkartearen eskutik, eta herriko baserrietako produktuen azoka Zipotza zein Baratz elkarteen eskutik. Hainbat sagardotegitako sagardoak eta muztioa dastatzeko aukera ere izango da.
Egitarauak aurrera jarraituko du azaroan zehar, Udazken Zaporez programaren barruan, muztio tailerrak eta dolare bisita gidatuak eskainiz. Alkortak azpimarratu zuen ekitaldi hauek sagarraren kultura bizirik mantentzeko eta belaunaldi berriei transmititzeko garrantzitsuak direla.




