Promesen mailan, Salaberria anaiek erakustaldi argia eman zuten Aldaz eta Meaberen aurka, 22-8ko emaitzarekin. Irurtzungo bikoteak joko sendoa eta akats gutxi erakutsi zituen, partida osoan nagusitasun osoa mantenduz eta finalaurrekoetarako txartela eskuratuz.
Bestalde, Seniorren mailako final-laurdena emozioz beteta egon zen, Irribarria eta Balerdi bikoteak Etxeberria eta Bernaolaren aurka 22-21 irabazi baitzuten. Partida zaila izan zen irabazleentzat, sei tantoko desabantaila izatera iritsi baitziren hasieran. Hala ere, markagailua 18na berdintzea lortu zuten.
Nahiz eta Etxeberria eta Bernaola berriro aurretik jarri ziren (21-18), garaipenetik tantu bakarrera, ez zuten partida ixtea lortu. Irribarriak asmatu egin zuen amaieran, eta Balerdiren laguntzarekin, lau tantoko bolada bati esker, partida eta sailkapena lortu zituzten.
Txapelketak aurrera jarraitzen du, eta hurrengo final-laurdenak apirilaren 28an jokatuko dira. Promesen mailan, Etxabe-Okiñena (Bergara-Buruzgain) Madina-A.Etxeberria (Intxurre-Tolosa) bikotearen aurka arituko dira. Seniorren mailan, berriz, Igoa-Sotil (Irurtzun-Larraun) Cestau-Elorz (Behar Zana-Upo Mendi) bikotearen aurka lehiatuko dira. Garaileek maiatzaren 19ko finalaurrekoetarako txartela lortuko dute. Jaialdi guztiak 19:30ean hasiko dira Udal pilotalekuan.




