Bergarako plazako obrak direla eta, aurten San Martin Jaietako gune nagusia Oxirondo plazan kokatuko da. Bertara eramango dituzte txosnagunea eta oholtza nagusia. Egun horretarako antolatu diren tailerrak, berriz, Katabia plazan izango dira. Arratsaldean jokatuko den Bikote Nagusien 41. Dantza Txapelketa ere Oxirondoko oholtzan izango da, baina euria eginez gero, Seminarixora lekualdatuko dute.
Egitarauak hainbat ekitaldi biltzen ditu irailaren 12rako: goizean irekiera ofiziala, Barazki, Fruta eta Gazta Azoka eta lehiaketa, eta hainbat produkturen azoka eta talo postua. Kalejira musikatua ere izango da Bergarako Trikitilariekin. Haurrentzako tailerrak ere antolatu dira, hala nola fruta eta barazkiak ezagutzeko dinamikak, odolosteen dastaketa, linimentua prestatzeko tailerra eta ezti dastaketa. Arratsaldean, Bikote Nagusien 41. Dantza Txapelketa ospatuko da, eta gauean, suzko zezena aterako da Oxirondo plazatik.
Bestalde, irailaren 2an hasiko dira helduen eta haurren danborradetako entseguak Seminarixoko patioan. Entseguak irailaren 10era arte luzatuko dira, eta parte hartu nahi dutenek beren gerrikoa eraman beharko dute.
Gainera, Simon Arrieta Pintura Lehiaketaren 51. edizioa ospatuko da irailaren 13an, domekan. Lanak aire zabalean egin beharko dira eta euskarriak Santa Marinako arkupeetan markatuko dira goizean, eta arratsaldean aurkeztu beharko dira Oxirondo plazan.
Amaitzeko, Pantxoa eta Peio taldeak kontzertua eskainiko du irailaren 16an, Oxirondoko oholtza nagusian, 20:00etan. Bergarakoa izan zen haien lehen kontzertua Hego Euskal Herrian, 1971n.




