Emakumezkoen taldeak Durangoren aurka neurtuko ditu indarrak 16:00etan, amaiera faseko lehen kanporaketan. Ondoren, 18:00etan, gizonezkoek igoera faseko finalerdietako itzulerako partida jokatuko dute ligako txapeldun Elorrioren aurka, aurreko asteburuan Mojategin jasotako porrotari buelta emateko asmoz.
Gizonezkoen taldeak 18-35 galdu zuen joaneko partidan Elorrioren aurka. Emaitza horri buelta eman beharko dio talde arrasatearrak, hil honen amaieran jokatuko den final handirako txartela eskuratu nahi badu. Beste finalerdiko kanporaketan, Uni Bilbo 19-24 nagusitu zen Faduran.
Emakumezkoen senior taldeak ere hitzordu erabakigarria du. Urgozo eta Elorriorekin osatutako Geurea RT taldeak bigarren postuan amaitu du fase erregularra, eta seigarren sailkatu Durango izango du aurkari lehen kanporaketan. Partida bakarrera jokatuko da kanporaketa hau, eta irabaziz gero, datorren asteburuan jokatuko den finalerdian lehiatuko dira, Gipuzkoa Sortzen eta La Unicaren arteko neurketako irabazlearen aurka.
Final handia maiatzaren azken astebururako aurreikusita dago, eta bertan ligako talde indartsuenari, Gaztediri, egingo dio aurre finalerdietako irabazleak. Gasteiztarrek ligako 14 partidatik 13 irabazi dituzte, 62 puntu batuz.
Bestalde, asteburu honetan ez da beste kategoriatan hitzordurik izango, baina larunbatean, 17:00etan, partida berezi bat jokatuko da Mojategin. Arrasate Errugbi Taldeko beteranoek duela aste batzuk zendutako Miguel Angel Arana gogoratuko dute, Musakola auzoko San Isidro jaiak direla eta. Herensugeek lagunarteko partida “oso berezi eta hunkigarria” jokatuko dute.




