Goiena telebistako Datuetatik tiraka saioak aztertu duenez, lehen sektoreak etengabeko beheranzko joera izan du azken hamarkadetan. Eustatek 2024rako bildutako datuek egoeraren larritasuna agerian uzten dute: Debagoienean 1999an zeuden 2.179 ustiategietatik, 402 baino ez dira geratzen 2024an, hau da, %81,5eko jaitsiera 25 urtean.
Joera antzekoa da Euskal Autonomia Erkidego osoan ere, %76ko beherakadarekin. Gipuzkoan jaitsiera apalagoa izan da, %72,5ekoa, baina Debagoieneko datuek eskualdearen gainbehera bereziki nabarmena dela erakusten dute.
Ustiategi kopuruak behera egin duen arren, bizirik iraun dutenek handitzeko joera izan dute. Lurraren kontzentrazioa nabarmena da, batez besteko azalera 12 hektareatik 13,4 hektarara igo baita. Horrek sektorearen egiturazko aldaketa islatzen du, ustiategi gutxiago baina handiago eta espezializatuagoekin, baserri dibertsifikatuak jardunbide zehatzetara bideratu baitira.
Baserri oso dibertsifikatuak, jardunbide zehatzetara bideratu dira.
Sektorearen beherakadaren eta eraldaketaren atzean arrazoi ugari daude. Deba Garaia Landa Garapen Elkarteko teknikari-kudeatzaile batek adierazi duenez, Europar Batasunetik bultzatutako nekazaritza politikek baserrien espezializazioa sustatu dute, dibertsifikazioan oinarritutako ereduen kaltetan. Gainera, lurraren eskuragarritasuna gero eta mugatuagoa da, industrialdeen eta hiri-eremuen hedapenak nekazaritzarako lur egokiak murriztu baititu, eta prezioen garestitzeak sarbidea zaildu du, batez ere belaunaldi berrientzat.
Gizarte aldaketek ere eragin zuzena izan dute. Elikadura ohiturak eta aisialdi ereduak aldatu egin dira, eta baserriaren kultura ez da lehen bezala transmititzen. Horri industrializazioaren eragina gehitu behar zaio, Debagoienean, bereziki, industriak lan aukera egonkorrago eta erakargarriagoak eskaini baititu.
Gaur egun, sektorearen profila zahartuta dago. Debagoienean, ustiategien arduradunen batez besteko adina 57,5 urtekoa da, eta gehienak gizonezkoak dira (%74,5), emakumeen presentzia %25,6ra mugatzen delarik. Datu horiek kezkagarriak dira, eta baserri askok jarduera uzteko arriskua agerian uzten dute; horren adierazgarri da azken urtean Debagoienean gazte-instalazio bakarra jarri izana martxan.
Hala ere, sektorean aldaketa zantzuak ere badaude. Azken boladan gazte batzuk sartu dira sektorean, eta emakume titularren kopurua ere handitu egin da. Kudeaketa ereduan ere, proiektu indibidualen aurrean, gero eta gehiago dira egitasmo kolektiboak, lan-baldintzak hobetzeko aukera ematen baitute, besteak beste, ordezkapenak eta bajak errazago kudeatzeko.
Azken boladan gazte batzuk sartu dira sektorean eta emakume titularren kopurua ere handitu egin da.
Etorkizunari begira, Euskal Autonomia Erkidegoan erretirotik gertu dauden 1.500 ustiategiren etorkizuna bermatzea da helburua. Horregatik, erreleboa bermatzea funtsezkoa izango da, baina adituek norbanakoen ohiturak jartzen dituzte erdigunean. Adierazi dutenez, "nekazaritza-politikarik eraginkorrena" norberak egiten du, eguneroko hautuetan tokiko produktuen alde egiteak zuzenean eragiten baitio sektorearen biziraupenari.




