Bergarako Laboratorium Museoak 'Bi ilunabarreko eguna' erakusketa hartu du, abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoa ardatz hartuta, zientzia dibulgazioa herritarrengana gerturatzeko asmoz.
Erakusketa berria BergarakoLaboratorium Museoan aurkeztu da, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak bultzatutako programa ibiltari baten baitan. Erakusketak astronomia-fenomeno hori modu didaktiko eta erakargarrian azaltzen du, ilustrazio zientifikoen eta lau totem handiren bidez.
“
"Eguzki-eklipse oso bat behatzea da pertsona batek fenomeno natural bat ikusten duenean bizi dezakeen esperientziarik hunkigarrietako bat. Ekimen honekin, alde emozionala alde batera utzi gabe, astronomia eta eguzki-sistemaren funtzionamendua hobeto ezagutzeko aukera emango digun alde intelektuala eskaini nahi dugu."
Erakusketa hau Jakindari aliantzako 20 erakunde baino gehiagoren lankidetzari esker sortu da, tartean Donostia International Physics Center (DIPC) eta Aranzadi zientzia elkartea. Helburua da zientziarekiko jakin-mina piztea eta astronomiaren bidez ingurunea hobeto ulertzea.
“
"Datorren abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoa aukera paregabea izango da zientziarekiko jakin-mina pizteko eta astronomiaren bidez ingurunea ezagutzeko."