Gaur egun, Arrasate Pilota Taldeak hirurogei pilotari ditu, gehienak benjamin eta alebin mailako gaztetxoak, berrogei inguru. Hala ere, taldean neska bakarra dago, iaz bi izan ziren bitartean, eta junior eta senior kategorietan ez dute pilotaririk.
Taldeko arduradunetako batek adierazi duenez, zuzendaritza “oso egonkorra” da eta dena “bide onetik” doala. Hala ere, hobetzeko arlo bat senior mailara pilotaririk ez iristea dela aitortu du. “Kadete mailatik aurrera, pilotari gehienek jolasari uzten diote, beste kontu batzuei garrantzi handiagoa emanez; hor falta zaigu jendea”, azaldu du. Hori da, hain zuzen ere, egun jokatzen ari den Herriarteko Txapelketan Arrasateko talderik aurkeztu ez izanaren arrazoia.
“"Kadete mailatik aurrera, pilotari gehienek jolasari uzten diote, beste kontu batzuei garrantzi handiagoa emanez; hor falta zaigu jendea."
Testuinguru horretan, gaztetxoak esku pilotara urte gehiagoz lotzeko, Ander Murua pilotariaren papera azpimarratu da. “Telebistan ikusten duten pilotari bat, gero hemen entrenatzaile bezala izatea sekulakoa da. Gaztetxoak ilusio askorekin etortzen dira eta nabaritu da gaztetxoenen artean, benjamin eta alebin mailan izan dugulako gorakada”, adierazi du arduradunak.
Ander Muruaren profesional mailako debutarekin batera, Uarkapeko frontoiaren itxura aldaketa eta Arrasaten jokatzen diren pilota jaialdien gorakada ere etorri dira. “Udalak asko lagundu du horretan, urtero lau edo bost jaialdi ekartzen dituzte Arrasatera, eta Anderrek jokatzen du gehienetan. Gainera, sekulako frontoia daukagu; bailarako onena da, eta horrek ere asko laguntzen du, bai partiduak antolatzeko, eta baita entrenatzeko orduan ere”, gaineratu du.




