Batten gaixotasunaren aldeko eguna Arrasaten, elkartasuna eta ikusgarritasuna bilatuz

Mara CLN 1 taldeak antolatutako jardunaldiak gaixotasun arraroari ikusgarritasuna emateko eta Mara San Jose arrasatearrari babesa adierazteko balio izan du.

Irudi generikoa ekitaldi solidario bati buruzkoa, jendea eta motozikletak agertzen direlarik.
IA

Irudi generikoa ekitaldi solidario bati buruzkoa, jendea eta motozikletak agertzen direlarik.

Arrasatek Batten gaixotasunaren aldeko nazioarteko eguna ospatu du ekainaren 9an, Mara CLN 1 taldeak antolatutako jardunaldiekin, gaixotasunari ikusgarritasuna emateko eta Mara San Jose arrasatearrari babesa erakusteko.

Batten gaixotasunaren nazioarteko eguna ekainaren 9an ospatzen den arren, Arrasaten gaur egin dute ekitaldi nagusia. Mara CLN 1 taldeak antolatutako informazio jardunaldi batzuekin, gaixotasunari ikusgarritasuna ematea eta CLN1 motako Batten gaixotasuna duen Mara San Jose arrasatearrari babesa erakustea izan da helburu nagusia. "Jendeari gaixotasunaren berri eman eta hau ikusarazteko elkartu gara", adierazi du antolakuntzan parte hartu duen Sulima Carabiasek.
Mararen senide eta lagunek Hazparneko Euskal Herriko Semeak motor talde solidarioaren babesa jaso dute. Herritarrek aukera izan dute motorrean igotzeko eta Mara CLN 1 taldearen kamiseta moreak jantzita, elkartasuna zabaldu dute herriko txoko guztietara. Taldeko kideek motoekin ibilbidea egin dute herrian zehar, eta ekitaldi berezi honetaz gozatzeko aukera eman diete haur zein helduei.
Jardunaldiaren ostean, elkarrekin bazkaldu dute, eta Santamañako batukadaren laguntzarekin giro paregabea sortu dute, eguna musikaz eta alaitasunez betez.
Mararen ingurukoak oso eskertuta agertu dira parte hartu duten guztiekin. "Erakutsitako elkartasunagatik, maitasunagatik eta emandako babesagatik", eskerrak eman dizkiete. Gainera, Batten bezalako gaixotasun arraroak ikertzen jarraitzeko beharra azpimarratu dute, etorkizunean tratamendu eta irtenbide berriak aurkitzeko itxaropenarekin.
Batten gaixotasuna nerbio sistemari eragiten dion gaixotasun arraro bat da. Gaixotasun honek eragiten duen entzima faltak zelula-hondakinak pilatzen ditu burmuinean eta erretinan, eta horrek ikasteko gaitasuna eta mugikortasuna galtzea dakar.