Debagoienako Mankomunitatea osatzen duten udalek «Debagoiena Ehuntzen: Bakardadearen korapiloa askatzen» proiektuaren barruan sortutako dekalogoa aurkeztu dute. Eskualdeko ongizate zinegotziek herritarrei zuzendutako laguntza-tresna berri hau aurkeztu dute.
Proiektu hau Hariak Estrategiaren I. Ekintza Planaren (2022-2027) barruan kokatzen da, eskualdeko udalerrien erronken eta arduren jakitun, indarrak batzeko helburuarekin. Azaldu dutenez, helburua bakardadearen forma desberdinei aurre egiteko ekosistema bat eraikitzea da, eragileen arteko koordinazioa erraztuz.
“"Bakardadea ez da adin kontua, ezta arazo indibiduala ere; esperientzia pertsonala da, baina unibertsala, eta gizarte osoaren ardura da. Bakardadea prebenitu eta arindu daiteke komunitatea mobilizatzen bada eta elkarrekiko zaintza aktibatzen bada."
Aurkeztutako dekalogoa Debagoienako etxe guztietan banatuko da, herritarrei tresna praktiko eta eskuragarri bat eskaintzeko. Gidak herritarren parte-hartzetik sortutako 10 gomendio biltzen ditu, besteak beste, oinarrizkoetatik hastea, inguruko pertsonei arreta jartzea, ditugun harremanak hobetzea, laguntza praktikoa eskaintzea eta besteei entzutea.
Halaber, elkarrekiko laguntza harremanak sustatzea, zaurgarritasunaren estigma haustea, bakardadea ulertzea (adin guztietan eragiten duela kontuan hartuta), urrats bat ematea eta udalerriko bizitzan parte hartzea proposatzen du. Amaitzeko, udal ordezkariek galdera bat egin diete herritar guztiei hausnartzeko: «Bakardadearen korapiloa askatzeko, zuk zer pieza jarriko duzu?».




