Arrasateko Udalak bere kirolari eta talde onenak omendu ditu Kulturolako arkupean egindako ekitaldian. Aratz Arenazak eta Oier Aranegik girotu zuten ekitaldia, eta Udalaren Errekonozimenduaren saria eta Kirolari onenaren saria izan ziren banatu ziren lehenengoak.
Mondraitz Kirol Klubak jaso du Udalaren Errekonozimendu saria, hamarkada bat betetzen duen Arrasate-Udalatx lasterketa antolatzeagatik. "Hastapenean herrian halako hitzordu baten hutsunea betetzera etorri zen lasterketa batetik Euskal Herrian erreferentziazko lasterketa bihurtu izana" aitortu diote klubari.
Eneko Carrascal izendatu dute Kirolari onenaren saridun. Maila absolutuan Espainiako pista estaliko txapelketa irabazi du, eta Real Sociedad taldearekin Espainiako txapeldunorde izan da. Carrascal Suedian egoteagatik ezin izan da ekitaldira joan, baina bideo bidez eskerrak eman dizkio Udalari eta beste kirolari batzuk ere gogoan izan ditu, hala nola Ander Murua pilotaria eta Josu Tornay xakelaria.
Herritarren eta Kirol talde onenaren sariak herritarren botoen bidez erabaki dira. Guztira 573 boto jaso ditu Udalak. Geurea Rugby Taldeko neskak izan dira taldekako irabazleak, botoen %45,5a eskuratuta, Emakumeen Euskal Liga irabazteagatik.
Arratsaldeko azken saria, Herritarren saria, Mikel Velasco ardi-moztaileak irabazi du, botoen %24,9a jasota. Velasco Euskal selekzioarekin aritu da Zeelanda Berrian jokatutako ardi-moztaileen Munduko Txapelketan. Bigarren geratu da Bingen Errasti saskibaloi jokalaria (%18,4) eta hirugarren Ander Murua pilotaria (%16).
“"Eskerrik asko bozkatu nauzuenei eta baita beste kirolariren bati bozkatu diozuenei ere, pena bat da niretzat gaur Arrasaten egon ezin izatea, baina laster bueltatuko naiz etxerantz."




