Bergarak irailaren 28an ospatuko du lehen aldiz Wolframaren Eguna, Laboratorium Museoak eta Bergarako Udalak antolatuta. Ekimen honek wolframa Bergaran isolatu izana ospatu nahi du, baita herriaren ondare zientifikoa balioan jarri eta herritarrengana hurbildu ere.
Egitarauak doako bisita gidatuak eskainiko ditu goizean Laboratorium Museoan, non bisitariek museoko erakusketa iraunkorra eta "W74: arrazoia, boterea eta etorkizuna" aldi baterako erakusketa ezagutu ahal izango duten. Bisita hauek 10:15ean eta 11:00etan izango dira, eta aurrez izena eman beharko da.
Eguerdian, Seminarixoan, Jesus Mari Ugalde Uribe-Etxebarriari Zientziaren eta Berrikuntzaren Bergarako Enbaxadore Saria emango zaio. Sari hau estreinakoz banatuko da, Bergarako pertsona nabarmenen lana aitortzeko.
Jarraian, Jokin Oregi Sortwo eta Mikel Larrañaga Remak artistek egindako wolframaren mural berriaren inaugurazioa izango da Seminarixoko aterpeetan. Horma-irudi honek zientziaren historian Bergararen garrantzia gogorarazten du.
Gorka Artola, Bergarako alkateak, azpimarratu du ekimen honek iraganari begiratzen diola, baina baita etorkizunari ere, zientziaren, ezagutzaren eta berrikuntzaren garrantzia nabarmenduz.
Rosa Errazkin, Laboratorium Museoko zuzendariak, gaineratu du egunak ezagutza partekatzeko eta zientziaren eta gizartearen arteko loturak indartzeko topagune izan nahi duela, eta urteroko hitzordu bilakatzea espero du.
Ekitaldi nagusiak 12:00etan hasiko dira Seminarixoan, sarrera librea delarik bertaratu nahi duen edonorentzat.




