Bergarako eta Zarauzko IATko (Itxurako Azterketa Teknikoa) langileek gaur goizean agerraldia egin dute Bergaran, uztailean hasitako lan gatazkarekin geldirik jarraitzen dutela salatzeko. 68 egun daramatzate greban, eta enpresari zein Eusko Jaurlaritzari "behingoz" arduraz jokatzeko eskaera egin diete.
Langileek adierazi dutenez, uztailaren 23an Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan egindako bileran ez zituzten beraien aldarrikapenak kontuan hartu, eta egoera larritzen ari da. Gainera, langileetako batek kaleratze-gutuna jaso duela eta beste zazpi behargin enpresaren aldetik salaketak jaso dituztela jakitera eman dute. Langileek argi utzi dute ez direla kikilduko enpresaren jarreraren aurrean, eta akordiorik ez dela egongo neurri hauek atzera bota ezean.
Azken hilabeteetan, Bergarako, Zarauzko eta inguruko herrietako biztanleek ere beraien kezkak adierazi dizkietela nabarmendu dute. Egoerak ondorio larriak ekar ditzakeela ohartarazi dute, izan ere, Zarautzen eta Bergaran zerbitzua ez da ematen ari, eta inguruko herrietako IATak kolapso egoerarantz doazela salatu dute. Horrela jarraituz gero, herrien segurtasuna behar bezala bermatzea ezinezkoa izango dela gaineratu dute.
Beharginek mobilizatzen jarraituko dutela adierazi dute egoera konpondu arte. Horretarako, manifestazioa egingo dute irailaren 24an Bergaran, Irala kaletik hasita, arratsaldeko 19:00etan. Urriaren 1ean, berriz, Zarautzen egingo dute mobilizazioa. Herritar guztiak parte hartzera deitu dituzte, eta langileei babesa emateko eta Eusko Jaurlaritzan aurkezteko sinadura bilketak ere jarri dituzte martxan.




