Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) oinarri dituen hezkuntza programa honek herriko ingurumen, gizarte eta ekonomia jasangarritasuna sustatzea du helburu, ikasleen partaidetza aktiboa bultzatuz eta hezkuntza komunitatea tokiko errealitatearekin zuzenean lotuz. Eskola Agenda 2030 ikasgeletatik harago doan proiektu bat da, mundu mailako erronkak tokiko ikuspegitik lantzeko espazioa eskaintzen duena.
Aurtengo ikasturtean, egitasmoak "Ongizate Emozionala" izeneko ardatz nagusia landuko du, 3. GJHarekin (Osasuna eta Ongizatea) eta 11. GJHarekin (Hiri eta Komunitate Jasangarriak) zuzenean lotuta. Helburu horiek aukeratzearen bidez, klima aldaketaren eta jasangarritasunaren erronkei tokian tokiko erantzunak eman nahi zaizkie, herritarren ongizatea sustatuz eta ingurune naturalaren eta gizartearen arteko oreka indartuz.
Iaz, Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalek gazteen ongizate emozionalari diagnostiko bat egin zioten ikastetxeen laguntzaz, eta horretatik abiatuta aukeratu da gai hau Agendan lantzeko. Azterketa zientifikoek erakusten dute naturak, espazio berdeek eta ingurune irisgarri zein seguruek eragin zuzen eta positiboa dutela pertsonen osasun mentalean.
Ikasleek prozesuaren muina osatzen dute. Ikasturtean zehar, hainbat gune aztertuko dituzte, indarguneak eta hobetzeko alderdiak atzemanez. Diagnostiko horretatik abiatuta, ekintza eraldatzaile bat antolatu eta burutuko dute herri zein eskola mailan. Ikasturte amaieran, egindako lanketa guztia azalduko diete tokiko agintariei, hobekuntza proposamen zehatzak helaraziz.
Programan Aretxabaletako Kurtzebarri LH eta DBH ikastetxeek, irakasleek, ikasleek eta Udaleko ordezkariek hartzen dute parte. Proiektuaren lehen urrats publikoa azaroaren 4an izango da, ikasle ordezkariek lehenengo Udal Foroa egingo dutenean udaletxean, tokiko agintariekin topaketa izateko.




