Gaurko iragarpenen arabera, barnealdean 35 gradu inguruko balioak espero dira, kostaldean 29 graduren bueltan geratuko direlarik. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, ipar-haizearen eraginez tenperaturak jaitsiko direla aurreikusten da, nahiz eta gaueko minimoak 18 gradu inguruan mantenduko diren.
Eskualdeko hainbat puntutan bero handia neurtu da gaur eguerdian. Arrasaten 36,8 gradu erregistratu dira, Oñatin 35,5 gradu, Aretxabaletako Urkulu urtegian 34,5 gradu eta Elgetako Ariolan 34 gradu. Datozen egunetarako, tenperatura altu iraunkorrak mantenduko direla iragarri dute.
Baso-sute arriskuari dagokionez, abisu horia indarrean dago eguenerako eta egubakoitzerako. Arrisku maila altua da Araban, eta nahiko altua Gipuzkoan eta Bizkaian, hego-osagaiko haizeak baldintza horiek errazten dituelako.
Osasun agintariek deshidratazioa saihesteko gomendioak eman dituzte: likidoak maiz edatea, kafeina edo alkohola duten edariak baztertzea eta barazki zein fruta gehiago kontsumitzea. Era berean, eguerdiko orduetan eguzkitan ez egotea eta jarduera fisiko bizia arratsalde amaierarako uztea aholkatu dute.




