300.000 eurotik gorako kalteak Debagoienan edukiontzi erreketa dela eta

2021etik hona 280 edukiontzi erre dira bailaran, iaz izan zen urterik okerrena, 131.990 euroko gastuarekin.

Erretako edukiontzi baten irudi generikoa, kalte ekonomikoak irudikatuz.
IA

Erretako edukiontzi baten irudi generikoa, kalte ekonomikoak irudikatuz.

Debagoieneko Mankomunitateak jakinarazi duenez, 2021etik gaur egunera arte, bailaran 280 edukiontzi erre dira, 306.158 euroko kalte ekonomikoak eraginez, eta kontzientziazio kanpaina bat abiatu du.

Goienak Mankomunitatetik jasotako datuen arabera, 2021etik gaur egunera arte, 104 erreketa kasu erregistratu dira, guztira, eta horietan 280 edukiontzi kaltetuta suertatu dira. Horrek guztiak 306.158 euroko kalte ekonomikoa eragin du.
Iaz, 2023an, izan zen egoerarik okerrena, 42 erreketa kasu erregistratu baitziren, 119 edukiontzi kaltetuz eta 131.990 euroko gastua suposatuz. Aretxabaleta izan zen kasu gehien erregistratu zituen herria, baina Arrasaten, Eskoriatzan, Bergaran eta Elgetan ere izan dira antzeko gertakariak. Bost urteko epean, Arrasaten izan dira erreketa gehien.
Mankomunitateko presidenteak azpimarratu du garrantzitsua dela herritarrak arazo honen dimentsioaz jabetzea. Adierazi duenez, 200 bilketa-puntu baino gehiago daude bailaran, eta horietan guztietan zaintza bermatzea oso zaila da.
Sua automatikoki itzaltzeko sistema duten edukiontziekin ere probak egin dituztela jakinarazi du, baina “eraginkortasun txikia eta kostu handia” dituztela ondorioztatu dute. Horren aurrean, plastikozko edukiontziak metalikoengatik ordezkatzea erabaki dute, nahiz eta horrek kostu handiagoa suposatu: plastikozko edukiontzi baten batez besteko prezioa 940 eurokoa da, eta metalikoarena, 1.759 eurokoa. Gainera, Elkorobarrutiak azaldu duenez, edukiontzi metalikoek beste muga batzuk dituzte, hala nola “zarata ateratzen dute, eta organikoarentzat, adibidez, ez dira oso egokiak”.
Dagoeneko 39 metalezko edukiontzi jarri dira, baina papera eta ontzi arinak biltzeko edukiontzi guztiak aldatzeko, 442 gehiago beharko lirateke. Mankomunitateak EH Bildurekin eta EAJrekin ere hitz egin du gaiaren inguruan, arazo sozial bat dela azpimarratuz, eta kontzientziazio lanerako deia egin du.