Duela bi urte ateak ireki zituenetik, Elikaeneak Bergaran proiektuaren egonkortzea lortu du. Sortutako dinamikak finkatu dira, eta azpiegitura bailarako elikadura sistemaren funtsezko tresna bihurtu da. Egindako ibilbideak datozen urteetarako urratsak argitu eta indartu beharrekoak zehaztu ditu.
Azokak herritarren interesa piztu du antolatzen diren jarduerei esker. Jarduera hauek komunitatea indartzeaz gain, ekoizle eta saltzaileei ahotsa emateko eta beren lana ezagutarazteko baliabide dira. Datozen hilabeteetan, besteak beste, Urriaren 14an Sagar kultura ezagutuko da Iturrieta sagardotegitik, Urriaren 17an Verdury hall festa ospatuko da, Urriaren 28an Gaztainerre ekitaldia izango da, eta Azaroaren 18an Bixainen eskutik bertako haragiarekin hanburgesak egiten ikasiko da.
“"Tiketak salgai daude dagoeneko Verdury Hall festarako. Egun horretan, herrian ekitaldi ugari izango dira, eta herritarrak animatzen ditugu erreka auzolanean parte-hartu eta ostean, herri bazkarira etortzera."
Jantokien horniketan ere fruituak eman ditu proiektuak, estatu mailan aitortza jaso duen 'Jangelak eraldaketaren akuilu debagoienean' proiektuaren bitartez. Ereindajan Bergara kooperatibak gidatuko du egitasmo hau, Biolur eta Tokixan elkarteekin eta bailarako eragileekin elkarlanean. Honek erakusten du Elikaeneak azokaz haratago egiten duela lan, bertako ekoizpena eta kontsumo publikoa lotzeko gune estrategiko gisa.
Ikasturte berriko erronken artean, Elikaenearen koordinazioari dagokionez, azokako ekosistema eta gobernantza sendotzea eta komunikazioa indartzea izango dira lehentasunak. Ekoizleekin, ekoizpenaren plangintza hobetuko da, elikagaien jarraikortasuna bermatu eta eskualdeko eta Euskal Herriko ekoizleen arteko elkarlana sendotzeko. Kontsumitzaileei begira, belaunaldi gazteak erakartzea izango da erronka nagusietako bat, azokan eta elikadura burujabetzan ere beren lekua izan dezaten.
Elikadura burujabetza ardatz hartuta, Elikaenea herri-proiektu gisa sendotzen ari da, eta bere ibilbideak erakusten du tokiko elikadura sistemak eraikitzea epe luzerako lana dela, elkarlanean eta pausoz pauso egin beharrekoa.




