Bekaren helburua Aretxabaleta n perspektiba feminista duten obra artistikoak sustatzea da. Guztira bi proiektu aurkeztu ziren, biak maila onekoak eta ekofeminismoari zein herriaren izaerari lotutakoak, emakumeen memoria historikoa berreskuratuz eta etorkizunerako iruditegia eraldatuz.
Epaimahaiak, Berdintasun eta Kultura batzordeetako kideek, mugimendu feministako ordezkariek eta arte arloko adituek osatua, proiektu irabazlea aukeratu du bere puntuazio altuagatik. Epaimahaian honako hauek aritu dira: Ainoha Sanchez Garcia, Maider Triviño Madinabeitia, Ibai Zangitu Arroyo, Inma Miguel Quintero, Ane Etxabe Isasndi, Eider Sanchez Garcia, Kepa Errazti Gorroño eta Izaro Aizpurua Arkauza (idazkari lanetan).
"ZINTAK" proiektuak Aretxabaleta ko baserri-auzoetako emakumeen memoria feminista eta materiala berreskuratzea du helburu. Abiapuntu gisa, baserritarren jantzi zaharretatik moztutako tomate-zintak hartzen ditu, landareei eusteko erabiltzen zirenak. Ehunen eta tomatearen bizi-zikloak uztartuz, emakumeen lan ikusezina, zaintza eta transmisioa aztertuko ditu ahozko memoriaren bidez.
Egileek azaldu dutenez, proiektuak iraganeko jakinduria feminista erabiliz egungo kontsumo, zaintza eta iraunkortasun kontzeptuen inguruan gogoeta egitea proposatzen du. Arropa, lan tresna, babes eta oroitzapenen biltegi gisa ulertuz, iraganeko emakumeen memorien harietatik tiraka etorkizunerako bizitza jasangarriak eusteko zintak lotzea da xedea.
Proiektuaren amaierako emaitza objektu-liburu artistiko bat eta herri-erakusketa bat izango dira. Liburuak, formatu tradizionaletik at, esperientzia haptiko eta sentsorial bat eskainiko du, emakumeen testigantzak, testu poetikoak, argazki historikoak eta ehunak uztartuz. Liburu-objektuaren irakurketa ekintza performatibo bat izango da, irakurleak liburuarekin harreman fisiko bat eraikiz.
Bekadunek 12 hilabete dituzte proiektua gauzatzeko, eta euskaraz garatu beharko dute. Beka honen zuzkidura 5.000 euro koa da.




