Gertuko historia ezagutu nahi dutenentzat hitzordu garrantzitsua izango da aurtengo edizioa. Esparbela elkarteak, Udalaren laguntzarekin, lau hitzaldi antolatu ditu, guztiak 19:00etan hasiko direnak eta sarrera librea izango dutenak.
Esparbela elkarteko kideek azaldu dutenez, aurten zikloa «gai monografiko bezala antolatu dugu», eta hitzaldiak «XVI. mendetik aurrera Gipuzkoako, eta bereziki Mutrikuko ontziolei buruzkoak» izango dira. Horrez gain, «alde historikoarekin batera, etnografikoa ere» jorratuko da zenbait saiotan.
Jardunaldiak datorren asteartean hasiko dira 'Mutrikuko Historiaren Adabakiak' izeneko hitzaldiarekin Zabielen. Bertan, Esparbela elkarteko hiru kidek parte hartuko dute: Arantza Ugartek azken ontziolari buruz hitz egingo du, Leonardo Belaustegik ontzigintzaren gorakada eta krisia jorratuko ditu, eta Iosu Larrañagak arrantzarako erabilitako tresnak aurkeztuko ditu.
Bigarren hitzaldia maiatzaren 21ean izango da, 'Mutrikuren papera euskal basogintza eta ontzigintzaren baitan' izenburupean, eta Donostiako Itsas Museoko zuzendari Xabier Alberdik emango du.
Egitarauak hilaren 26an jarraipena izango du, ontzigintzan aditua den Juan Antonio Apraiz bermeotarraren 'Baxurako itsasontziak eta gure arotzen azkenengo eraikuntzak' hitzaldiarekin.
Azkenik, Lourdes Odriozolak 'Mutrikuko ontzigintza (XVI - XVIII. mendeak). Tokiko errealitatetik Gipuzkoako testuingurura' hitzaldia eskainiko du maiatzaren 28an.




