Datorren asteartean hasiko dira Mutrikuko Malen jaiak, eta igandera arte luzatuko dira. Ohiturari jarraiki, ekitaldiz beteriko egitarau anitza prestatu da mutrikuar, udatiar eta bisitari guztien partaidetzari irekita.
Malen jaiak ofizialki hilaren 21ean hasiko badira ere, Bizixo jai konpartsak hainbat ekintza antolatu ditu dagoeneko astelehenerako, herrian festa giroa sortzeko asmoz.
Egitarauari dagokionez, haurrentzako txokoa egokituko dute 16:00etatik aurrera txosnagunean. Ondoren, 18:30ean, Gazte eguneko kamisetak banatuko dituzte toki berean.
Azkenik, jai atarikoa borobiltzeko, elkarretaratzea izango da 19:00etan, 'Malen jaietan erasorik ez!' lelopean.




