Ander Treviño entrenatzaile berriaren gidaritzapean, Gizonezkoen Haundi taldeak garaipen batekin ekin dio denboraldiari. Zuri-gorriek 1-2 nagusitu ziren Beti Gazteren aurka, Lesakako Maistegi futbol zelaian jokatu zuten partidan. Iker Iglesiasek sartu zuen talde elgoibartarraren lehen gola 35. minutuan, eta Unai Arriolak handitu zuen abantaila 71. minutuan. Yeray Gerometak sartu zuen etxekoen gola 78. minutuan.
Haundi taldeak larunbatean jokatuko du bere lehen etxeko partida Mintxetan, 16:30ean, eta Mondragon izango du aurkari. Arrasatearrek bana berdindu zuten lehen jardunaldian Bergararen aurka.
Emakumezkoen taldeak ere larunbatean hasiko du denboraldia, 18:30ean, Mintxetan, gizonezkoen partida amaitu ostean. Urola izango dute aurkari. Andoni Duartek eta Alex Zalbak entrenatutako taldeak iazko ligan hirugarren postuan amaitu zuen, igoera postuetatik gertu ibili ondoren.
Bestalde, gizonezkoen bigarren taldeak ere asteburuan hasiko du erregional mailako liga txapelketa. Eibarko Urki taldea izango dute aurkari domekan, irailaren 20an, 18:30ean, Mintxetan jokatuko duten derbian.
CD Elgoibarko taldeen asteburuko egutegia honakoa da: Irailaren 19an, larunbatean, Mintxetan jokatuko dute Haundi giz. (1) Mondragonen aurka (16:30) eta Haundi emak. Urolaren aurka (18:30). Gainera, beste hainbat partida izango dira beheko mailetan eta kanpoko zelaian.
Irailaren 20an, domekan, Elgoibar B taldeak Urkiren aurka jokatuko du Mintxetan (18:30).




