Udalak zabaldutako gomendioen artean, kanpoan jarduerak saihestea ezarritako ordutegian, ura sarri edatea nahiz egarririk ez izan, leku freskoetan edo klimatizatuetan egotea, eta arropa arina, txapela eta eguzkitako babesa erabiltzea nabarmentzen dira. Bereziki arreta jarri behar zaie adinekoei, haurrei eta gaixo kronikoei.
Bero-babeslekuak ere zehaztu ditu udalak ordu horietarako, herritarrek bero sargorritik babesteko aukera izan dezaten. Zerrendan agertzen dira Arkupe Kultur Etxea, Ibarara kiroldegia, Komentuko lorategia, kiroldegi aurreko ur-jolasak, Santa Kurtz osteko parkea eta Deba ibai alboko pasealekua, kiroldegitik gertu.
Gainera, udaletxea bera ere herritarrei irekia egongo dela jakinarazi dute. Udal ordezkariek norbera eta ingurukoak zaintzeko deia egin dute, eta larrialdiren bat izanez gero, 112 telefono zenbakira deitzeko eskatu dute.




