Vibrantz-eko langileek elkarretaratzea egin dute lan-heriotza salatzeko

Laudioko lantegian gertatutako istripu hilgarriaren ondoren, langileek elkartasuna eta erantzukizunak argitzeko eskatu dute.

Irudi generikoa: lantegi baten sarreran elkartutako langile taldea.
IA

Irudi generikoa: lantegi baten sarreran elkartutako langile taldea.

Vibrantz enpresako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Laudioko lantegiaren sarreran, atzo gertatutako lan istripu hilgarria salatzeko.

Gaur goizean, Vibrantz enpresako beharginek elkarretaratzea egin dute lantegiko sarreran, atzo gertatutako lan heriotza salatzeko. Jende ugari bertaratu da eta tentsioa eta samina nabari izan dira giroan. Langile bat hil zen Laudion, lantegiko labe batek eztanda egin ostean.
Enpresako Langile Batzordeak deituta, kontzentrazioan ordezkariek zein hildako laudioarraren lankide batek hartu dute hitza. Lehenik eta behin, elkartasuna adierazi diete zendutako beharginaren lagun eta senideei. Halaber, salatu dute ezin dela normalizatu lanpostutik etxera ez itzultzea.
Kritika egin diete enpresari egindako murrizketengatik eta erakunde publikoek lan osasun eta prebentzioan baliabide nahikorik ez jartzeagatik. Horren harira, ikerketa sakona eta istripuaren ardurak eta erantzukizunak argitzea exijitu dute.
Gaur arratsaldean, 19:30ean, mobilizazio gehiago iragarri dituzte Aiaraldeko Greba Batzordearekin (SOS Aiaraldea) batera Laudioko Herriko plazan.
Istripuaren jatorria argitzeko, Vibrantz enpresak ingeniaritza baten zerbitzua kontratatu duela jakinarazi du Langile Batzordeak. Heriotza gertatu zen pabilioia itxi egin dute eta adituek aztertu ahal izateko dena geratu zen moduan utzi dute. Lantegiko jarduerari dagokionez, gaur ere ez dute lan egingo eta enpresak ez du presio handirik egin lanera itzultzeko. Zenbait atal, ekoizpenari lotuta ez daudenak, ostiralean martxan jartzea litekeena da, baina egoera psikologikoa ez da egokia askorentzat.