Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eta idazkari nagusi Noemí Ostolazak irailaren 8an, asteartean, Hondarribiko Alardean parte hartuko dute, Jaizkibel konpainiari eta emakumeen parte-hartze berdina sustatzeko ekimenari babesa emateko. Aurten betetzen dira 30 urte emakume talde batek jai horretan berdintasunean parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zuenetik.
Elgarrestak adierazi du garrantzitsua dela alderdien arteko elkarrizketa-guneak zaintzea berdintasunerantz egindako urratsak sendotzeko. Horrela, bazterketarik gabeko eta Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako Legearekin bat datorren ospakizun baterantz aurrera egitea sustatu du.
«Ez ahaztu eskubideen eta berdintasunaren arazo bat dela, eta azken helburua emakumeek gizonen baldintza beretan festa gozatu ahal izatea dela, inolako bazterketarik gabe», gogorarazi du Elgarrestak. Gainera, elkarrizketa ezinbesteko elementua dela azpimarratu du, Alardea bermeekin eboluziona dadin eta Hondarribiko herritarren arteko haustura saihestu eta kohesioa indartzeko.
Emakundeko zuzendariak konfiantza agertu du belaunaldi berriek, etorkizun berdintzaleago baten ikuspegiarekin, festa berdintasunaren eta emakumeen eskubideen alde eboluzionatzen lagunduko dutela. Horregatik, «beharrezkoa da belaunaldi berriei lekua ematea», berdintasun errealerako eraldaketa soziala posible izan dadin. Era berean, bide horretan Emakunde beti egongo dela prest elkarlanean aritzeko adierazi du.




