Etorki eta Lana enpresek, Mondragon Kooperatiba taldeko kideak, instalazio berri bat inauguratu dute Murgan, lehendik zuten lantegiaren ondoan. 95.000 metro koadroko azpiegitura honekin, urteko egur ekoizpena 80.000 metro kubikotik 300.000ra igaroko da, hau da, hirukoiztu egingo da. Horrela, "Europa hegoaldeko zerrategi handiena eta eraginkorrena" izatea espero dute.
Proiektu honek ehun lanpostu berri sortzea aurreikusten du, EFE agentziak jakinarazi duenez. Imanol Pradales lehendakariak Aiaraldeak etorkizuna duela azpimarratu du, eta laster inbertsio gehiagorekin itzultzeko asmoa duela iragarri du.
“"Aiaraldeak etorkizuna duela defendatu du lehendakariak, eta iragarri du laster inbertsio gehiagorekin itzultzea espero duela."
Bi enpresa hauek, iragan apirilean fusionatu zirenak, lau urte eman dituzte proiektua gauzatzen, 67 milioi eurotik gorako inbertsioa eginez. Inaugurazio ekitaldian nabarmendu zutenez, Eusko Jaurlaritzak 12,8 milioi euro jarri ditu Handitu eta Handitu Egurra programen bidez, "enpresaren lehiakortasuna eta inguruan duen eragina indartzen laguntzeko" helburuarekin.
Inaugurazioan, Imanol Pradales lehendakariaz gain, Amaia Barredo sailburuak, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eta Pruden Otegi Aiarako alkateak ere parte hartu zuten. Lehendakariak eskualdea azken urtean hiru aldiz bisitatu duela gogoratu zuen, hiru inbertsio garrantzitsuren berri emateko: Vidralarena, Harscorena eta oraingo hau.




