Lantenoko sutea kontrolpean dute eta itzaltze lanekin jarraituko dute

Arabako Foru Aldundiak baieztatu du sua egonkortu dela, eta gizakiak eragindakoa izan daitekeela uste du.

Lantenoko sutearen irudia, kontrolatua eta egonkortua.
IA

Lantenoko sutearen irudia, kontrolatua eta egonkortua.

Lantenoko sutea kontrolpean eta egonkortuta dagoela baieztatu du Arabako Foru Aldundiak, eta gaur itzaltze lanekin jarraituko dute.

Arabako Foru Aldundiak baieztatu du Lantenoko sutea kontrolpean eta egonkortuta dagoela, hainbat eguneko gorabeheren ostean. Gaur jarraituko dute itzaltze lanekin, eta horretarako helikoptero bat eta suhiltzaile brigadak erabiliko dituzte. Aiarako Udalak azaldu duenez, bideak zabaldu dituzte sutea egon den tokietara errazago ailegatzeko, eta egoerak hobera egin duela adierazi du. Horren harira, Etxaurreneko igerilekuak zabalduko direla iragarri du tokiko erakundeak.
Egoera larriena pasata, suak zerk eragin zuen aztertzeari ekingo dio Arabako Foru Aldundiak. Erakundearen hipotesi nagusia da sua ez dela modu naturalean sortu, gizakiek eragindakoa baizik. Iñaki Guturbai diputatuak SER irratian egindako adierazpenetan zehaztu duenez, ezin dute zehaztu modu boluntarioan sortua izan den, baina sua erabat itzalita egon arte itxaron beharko dela kausa antropikoak jakiteko.

"Lagundu Llanteno"

Amurrioko Txosna Solidarioa
Gertakari honek elkartasun keinuak ere azaleratu ditu. Amurrioko Txosna Solidarioko kideek jakinarazi dute Lantenoko Kontzejuari emango diotela gaur biltzen duten diru guztia. Horrez gain, kontu korronte bat ere jarri dute dohaintzak jasotzeko: 2095 4408 54 1095224951 (Kutxabank), "Lagundu Llanteno" kontzeptuarekin.
Sua ez da kalte pertsonalik eragin, nahiz eta hainbat baserri hustu behar izan diren. Ingurumenari dagokionez, kalkuluen arabera, 75 eta 100 baso hektarea inguru erre dira guztira.