Langile bat hil da Laudion Vibrantz fabrikan izandako leherketa batean

Gaueko hamabiak pasata gertatu da istripua, labe bat lehertu ondoren, eta ekoizpena gelditu dute.

Irudia generikoa da, istripu industrial baten ingurukoa.
IA

Irudia generikoa da, istripu industrial baten ingurukoa.

Lan istripu larria gertatu da Laudion, Vibrantz fabrikan, gaueko hamabiak pasata labe bat lehertu ondoren. 49 urteko langile bat hil da eta ekoizpena eten dute.

Gaur gauean lan istripu hilgarria jazo da Laudion, Vibrantz fabrikan. Gaueko hamabiak pasata, pigmentuak fabrikatzen dituen lantegi horretako labe bat lehertu da, eta bertan lanean ari zen 49 urteko behargin bat hil da. Laudioko bizilaguna zen biktimak.
Gertaerak gauerdian izan dira, eta Gasteiz kaleko fabrikara suhiltzaileak eta Osalaneko teknikariak bertaratu dira. Iturri ofizialen arabera, ohiko prozedura bat egiten ari zela gertatu da eztanda, eta istripuaren arrazoiak ikertzen ari dira. Mantenimendu saileko langilea zen zendua.

Lantegiak ekoizpena gelditu du bi egunez.

Iturri sindikalek jakinarazi diote Aiaraldea Komunikabideari lantegiak bere ekoizpen jarduera eten duela datozen bi egunetarako. Bien bitartean, Langile Batzordea mobilizazioak deitzeko bilera bat egiten ari da egoeraren aurrean.
LAB sindikatuaren arabera, Euskal Herrian 33 pertsona hil dira dagoeneko 2026an lanean, lanera bidean edo bueltan. Azken hamarkadan, Aiaraldean, 18 behargin baino gehiagok galdu dute bizia lanpostuan. Azkena duela urtebete izan zen, Amurrioko Tubos Reunidos lantegian, altuera batetik erorita.