Langile bat hil da Laudioko Vibrantz lantegian izandako leherketa batean

49 urteko langile bat zendu da goizaldeko leherketa batean, eta ekoizpena bi egunez geldituko dute.

Larrialdi argiak lantegi baten kanpoaldean, ke-zutabe bat atzealdean.
IA

Larrialdi argiak lantegi baten kanpoaldean, ke-zutabe bat atzealdean.

Laudioko (Araba) Vibrantz enpresako labe batean izandako leherketa batean 49 urteko langile bat hil da goizaldeko 00:30ean.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, istripua Laudioko Vibrantz enpresan gertatu da. Leherketaren ondorioz, bertan lanean ari zen 49 urteko langile bat hil da, bertako bizilaguna zena.
Suhiltzaileak eta Osalaneko teknikariak berehala bertaratu dira istripua zergatik gertatu den ikertzera eta segurtasun neurriak betetzen ote ziren egiaztatzera. Lantegian pinturak egiteko pigmentu ez-organikoak fabrikatzen dituzte.
Ezbeharraren harira, Vibrantz lantegiko ekoizpena bi egunez etetea erabaki dute. Langile Batzordea mobilizazioak deitzeko bilera bat egiten ari da egoeraren aurrean.

Aurten dagoeneko 32 langile hil dira Euskal Herrian lan istripuz; zendutako 33. langilea litzateke Laudiokoa.

LAB sindikatuak egindako zenbaketaren arabera, aurten dagoeneko 32 langile hil dira Euskal Herrian lan istripuz; zendutako 33. langilea litzateke Laudiokoa. ELA sindikatuak, berriz, 20 heriotza zenbatu ditu orain arte, eta gaurkoa kontuan hartuta 21 lirateke.
Aiaraldean, azken hamarkadan, 18 behargin baino gehiagok galdu dute bizia lanpostuan zirela. Azkena duela urtebete izan zen, Amurrioko Tubos Reunidos lantegian, altuera batetik erorita.