Jaiak goizean goiz hasiko dira larunbatean, Pezukerari ongietorria eginez eta ondoren mendi martxa bat abiatuz. Haurrentzako puzgarriak ere egongo dira egun osoan zehar.
Eguerdiko 13:00etan, herritarrek urtero prestatzen duten antzerki ikuskizuna izango da. Aurten, 'Izan eta egon' izeneko pieza prestatu dute, lau estatua gorpuztuz jai eremuko lau txokotan: Askatasunaren Estatua, Cow Girl, Arlekina eta Txanogorritxu. Kritika soziala eta sorpresa-faktorea izango dira ikuskizun honen ezaugarri nagusiak.
Ondoren, paella bazkarirako elkartuko dira herritarrak. Tiketak 10€ balio du zortzi urtetik gorakoentzat, eta uztailaren 9a da izena emateko azken eguna, 680357859 telefonoaren bidez.
Arratsaldean, bingo musikatua eta apar festa izango dira, eta DJ Kaktusek jarriko du musika. Afaltzeko parrillada egongo da eta Arboledako trikitilariek girotuko dute iluntzea. Eguna ixteko, Gautegun erromeria igoko da oholtzara.
Datorren asteburuan ere izango dira ekintzak. Uztailaren 17an, Arabako Plazetan ekimenarekin bat eginez, Superheroiak antzerkia egongo da txikientzat. Uztailaren 18an, eguerdian meza eta luntxarekin emango diete amaiera festei, eta arratsaldean Kaitin in the night bakarrizketa izango da, Kaitin Allenderen eskutik.




