Gernika-Lumo udalerriak azoka berezi bat antolatu du datorren zapatuan, irailak 5, merkatuko plazan. Jardunaldi honetan, eskualdeko bi produktu nabarmenduko dira: untxia eta Bizkaiko sagardoa.
Udalak bultzatutako ekimen honek Busturialdeko ekoizleen elkargune bilakatu nahi du merkatu plaza. Helburu nagusia bertoko produktuen balioa sustatzea eta bertaratzen direnentzat aisialdi aukera bat eskaintzea da, bertatik bertara kalitatezko lehengaiak ezagutzeko aukera emanez.
Azokak untxiaren eta sagardoaren dastaketa eskainiko du ekoizleen eskutik stand nagusietan. Horrez gain, ohiko fruta eta barazki azokak ere bere lekua izango du, eta postuetan sasoiko produktuak, gazta, gozoak, eztia, gildak, patea, ogia, euskal pastela eta txakolina bezalako aukerak egongo dira. Gainera, euskal artisautzari eskainitako hamar bat postu bisitatu ahal izango dira.
Familia osoak goza dezan, jarduerak antolatu dira umeentzat goiz osoan zehar, hala nola jolasak, puzgarriak eta tailerrak.




