Proiektuak atzerapen txiki bat izan du, hiru hilabetekoa hain zuzen ere, lanetan hobekuntza teknikoak sartu behar izan direlako. Horrek epeak luzatu ditu, aldaketak barne hartzeko lizitazio berri bat egin behar izan baita.
“"Egungo izotz fabrikaren egoera kaskarra kontuan hartuta, berri bat eraikitzea erabaki zen, flota eraginkortasun handiagoz hornitzeko, zerbitzu guztiak leku bakarrean eskuratu ahal izateko: ura, plastikozko kaxak eta orain izotza, arraina deskargatzen den espazio berean, material hori lortzeko beste puntu batera joan beharrik gabe."
Eraikuntza kontratua Giroa S. A. U. eta Kuario Engineering Quality enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu zaio, 2,7 milioi euroko aurrekontuarekin eta hamar hilabeteko exekuzio-epearekin. Eskaintza ekonomikoaz gain, hautaketa irizpideen artean matxuren kasuko laguntza teknikoa eta energia kontsumoa nabarmentzen dira, azken hau 37,57 kilowatio izango baita sortutako izotz tona bakoitzeko.
Instalazio berriak Martillo kaiko zabalgunean egon beharrean, Erroxapeko portu-eremuan dagoen arrantzaleen kofradiaren eraikinean kokatuko dira. Bi irteera izango ditu hornidurarako: bata iparraldera itsasontzientzat eta bestea hegoaldera kamioientzat. Beheko solairuan izotz-siloa, amoniako zirkuituko konpresoreak eta mantentze-lanetarako tailer bat egongo dira. Bulegoen solairuartekoaren azpian makina-gela egongo da, kontrol-bulegoa lehen solairuan eta lurrungailuak estalkian.
Instalazio berriek 90 tonako biltegiratze-ahalmena eta orduko 30 tona hornitzeko gaitasuna izango dute. Kanpoan, izotza zinta-baskula batetik pasatuko da, pisuaren etengabeko neurketarekin. Puntu horretan erabakiko da hornidura itsasontziei edo kamioiei egin nahi zaien, alderantzizko 'Y' formako balbula automatiko baten bidez.
Mende erdi baino gehiago duen fabrika zaharrak hartzen duen espazioa nautika-kirol, arrantza eta aisialdi gune bihurtuko da, indarrean dagoen plangintzak zehaztuko duen moduan.
Atzeratu den beste jarduketa bat portuko merkataritza-eremuko industria-pabiloi baten ordezkapena izan da, lizitazioa hutsik geratu baitzen. Jarduketaren helburua da Bizkaiko kairrean deskargatzen diren merkantzien kudeaketa hobetzea, baita eskuragarri dagoen espazioa optimizatzea eta portu-eremuari lotutako jarduera ekonomikoa indartzea ere. 670.270 eurotik gorako inbertsioarekin, esku-hartzeak egungo nabea eraistea aurreikusten du, Erroxape kaian kokatua, bere egoera txarra eta portuko operadoreen espazio-eskari gero eta handiagoari erantzuteko duen gaitasun mugatua dela eta.




