Zubietako espetxe berria inauguratu dute gaur

Imanol Pradales lehendakariak, Justizia sailburuak eta Barne ministroak ireki dute 450 presorentzako zentro berria.

Irudi generikoa espetxe moderno baten kanpoaldeaz.
IA

Irudi generikoa espetxe moderno baten kanpoaldeaz.

Imanol Pradales lehendakariak, María Jesús San José sailburuak eta Fernando Grande-Marlaska ministroak inauguratu dute gaur Zubietako (Gipuzkoa) espetxe berria, 450 presorentzako edukiera duena.

Gaur goizean ireki dute ofizialki Zubietako (Gipuzkoa) espetxe berria, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales, Justizia eta Giza Eskubideetako sailburu María Jesús San José eta Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaska bertan izan direla.
Kartzelak 450 presorentzako lekua du, eta hasiera batean 280 bat hartuko ditu, horietatik 230 Martuteneko espetxetik lekualdatuak izango direlarik.
Zubietako espetxe berriak 284.200 metro koadroko azalera du, eraikinari 80.000 metro koadro dagozkio, eta 255 funtzionario arituko dira bertan lanean. Duela gutxi, hilaren 11n, María Jesús San José sailburuak bisitatu zuen zentroa, eta nabarmendu zuen "Gipuzkoako espetxe berria funtsezkoa izango dela euskal eredua finkatzeko, gizarteratzean eta bizikidetzan oinarritua".
Sailburuak azaldu duenez, zentro berriaren irekierak eta Martuteneko espetxearen itxierak euskal espetxe-eredua sendotzen dute, "espetxe-betearazpen modernoago, espezializatuago eta pertsonak artatzeko gaitasun handiagokoaren aldeko apustua" eginez. Instalazio berriek "segurtasuna eta tratamendua elkar indartzen dituen eredu bati" erantzuten diotela gaineratu du, "bizikidetza bermatzeko eta delitu bat egiten duten pertsonengan benetako aldaketa-prozesu bat sortzeko aukera emanez".
Zubietako espetxea moduluetan antolatuta dago, eta horrek barne-sailkapen hobea egiteko, egokitutako ibilbideak diseinatzeko eta profil desberdinetako programa espezifikoak gauzatzeko aukera ematen du. Antolaketa honek "Euskadiko espetxe ereduaren bilakaera adierazten du: bizikidetzarako espazio hobeak ditu, prestakuntzarako eta enplegurako aukera gehiago eta esku-hartze pertsonalizatuagoa", helburu nagusitzat gizarteratzea sustatzea duelarik, "segurtasun eta erantzukizun esparru batetik abiatuta".
Martuteneko kartzela hustu ondoren, bertan garatuko den hirigintza proiektua abiarazi ahal izango da, 400 etxebizitza inguru eraikitzeko aurreikuspenarekin. Aurreikuspenen arabera, 2027ko lehen seihilekoan hasiko dira Martuteneko espetxe zaharra eraisten. Proiektu hau Visesa enpresa publikoak idatziko du eta Casa47 erakunde estatukoari esleituko zaio, 4 milioi euro inguruko aurrekontuarekin.