Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak 34 ikuskizun eta 47 saio eskainiko ditu

Urriaren 3tik abenduaren 13ra bitartean, hainbat antzoki eta konpainia ezagun izango dira ikusgai hiriburuan.

Antzoki bateko agertoki hutsaren argazkia, oihalak zarratuta eta argiztapen dramatikoa.
IA

Antzoki bateko agertoki hutsaren argazkia, oihalak zarratuta eta argiztapen dramatikoa.

Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak bere XX. edizioa ospatuko du irailaren 25etik aurrera, eta abenduaren 13ra arte luzatuko da. Guztira, 34 ikuskizun eta 47 saio eskainiko dira hiriburuko antzokietan, Principal antzokia obretan jarraitzen duen bitartean.

Sonia Diaz de Corcuera Kultura zinegotziak aurkezpenean nabarmendu duenez, jaialdiak "publiko leial, exijente eta aditua" du, eta aurten ere izen handiko aktore eta konpainiak izango dira oholtza gainean. Besteak beste, Josep Maria Pou, La Veronal, Aizpea Goenaga, Pont Flotant, Eneko Sagardoi, Natalia Huarte, Tanttaka eta Teatro Paraiso arituko dira Felix Petite, Jesus Ibañez de Matauco eta Federico Garcia Lorca antzokietan.
Hizkuntzari dagokionez, euskarazko lanak gutxiengoa izango dira berriz ere: 34 ikuskizunetatik zazpi baino ez dira izango euskaraz. Jaialdiari hasiera emateko, Pont Flotant konpainiaren Adolescencia infinita obra aurkeztuko dute urriaren 7an. Ondoren, El Rayo Misterioso argentinarrak Todo terminará para Navidad lana ekarriko du urriaren 8an, eta TAO Dance Theater Txinako konpainiak ikuskizun bat eskainiko du urriaren 10ean.
Euskarazko lehen lana, Xake Produkzioak taldearen Sidari, urriaren 15ean izango da. Hurrengo egunean, dantzarekin jarraituko du jaialdiak La Veronal konpainiaren eskutik. Urriaren 17an, Compañía Criolla argentinarrak El brote aurkeztuko du, eta urriaren 21ean eta 22an, Check-In konpainiaren Fronteras lanarekin jarraituko du, Eneko Sagardoi eta Carolina Yuste aktoreekin. Italiako Teatro delle Ariette konpainiak antzerkia eta gastronomia uztartuko ditu urriaren 22tik 25era.
Urriaren 23an, Josep Maria Pou aktoreak Roald Dahl idazlearen inguruko Giant antzezlana gorpuztuko du. Hilaren amaieran, Zirkuss zirku konpainiak Sustrai ikuskizuna aurkeztuko du, eta Taiat Dansa k Las hijas de Bernarda. Urriaren 30ean eta 31n, Carlos Hipólito k Largo viaje hacia la noche eskainiko du.
Azaroan, Polifónica eta Poliana Lima Brasilgo konpainiek lanak aurkeztuko dituzte. CDN eta Barco Pirata ren Constelaciones obra azaroaren 7an iritsiko da, eta familientzako antzerkia ekarriko du Anita Maravillas konpainiak azaroaren 8an. La Virgueria k Teoría King Kong feministaren egokitzapena taularatuko du azaroaren 11n, eta Malena Alterio eta Carmen Ruiz aktoreekin La vida extraordinaria azaroaren 12an eta 13an. Farra musikalak ere Felix Petiten izango da azaroaren 15ean.
Azaroaren 19an, Txalo Produkzioak eta Tanttaka taldeek Rigor Mortis euskarazko komedia aurkeztuko dute. Israel Elejalde eta Javier Cámara aktoreekin Verborrea azaroaren 20an, eta Brodas Bros taldea azaroaren 22an. Hilaren amaieran, La Perla 29 eta The Tiger Lillies taldeek A Macbeth Song eskainiko dute, ingelesez.
Abendua Musaloka Kolektiboaren Rojo nieve obrarekin hasiko da, hilaren 3an. Paula Quintana dantzariaren ikuskizunak identitateari buruz ikertuko du abenduaren 11n, eta Natalia Huarte k Leonora obra aurkeztuko du abenduaren 12an, Leonora Carringtonen munduan murgilduz.
Sarreren salmenta irailaren 16an hasiko da, 10:30ean, Principal antzokiaren webgunean, leihatilan eta 945-16 10 45 telefono zenbakian.