Gobernu Kontseiluak 2026ko ekitaldirako AESen finantzaketari zuzendutako kreditu-banaketa berriaren zenbatekoa onetsi du. Laguntza hauek zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei eta familiei laguntzeko dira, eta alokairua, energia-hornidurak, lehen beharrak, altzariak edo zenbait konponketa eta instalazio finantzatzeko erabil daitezke.
Guztira 136 udalerriri banatuko zaie zenbateko hori: 66 Bizkaian, 48 Gipuzkoan eta 22 Araban. Aurten AESak ordaintzeko aurreikusitako 41,5 milioi euroetatik, 37 milioi martxoan ordaindu ziren, eta orain onartutako 4,5 milioi euroak aurreko ekitaldian (2025) udalek beren funtsekin egindako gastuak justifikatu ondoren konpentsatuko ditu.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzen Erregelamendua garatzen duen 21/2026 Dekretuak ezartzen du udalek jasoko duten zenbatekoa zehazteko prozedura, bi banaketa-une aurreikusiz: lehenengoa ekitaldiaren hasieran eta bigarrena, aurreko ekitaldiaren justifikazioak jaso ondoren, tokiko erakundeek egiaztatutako benetako exekuzioari lotutako adierazleetan oinarrituta.
Gainera, onartutako aginduak berariaz jasotzen du AES eskatzen duten eta gizarte-integrazioko programetan parte hartzen duten pertsonei ez zaiela murriztuko lehen beharrak eta/edo ostatuaren kostuak estaltzeko dagokien zenbatekoa. Aurtengo 2026rako, TRAPEZISTAK, HARRERA eta AUTONOMIA FASEA programak identifikatu dira, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren Harrera eta Integrazio Zuzendaritzak kudeatuta.




