Zeberioko Udalak udalerriko hainbat auzotako bide eta errepideak konpontzeko lanak hasiko ditu datozen hilabeteetan. Guztira 116.000 euro bideratuko dira proiektu honetara, Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntza baten bidez, BEZ barne.
Lan horiek Gezala, Elorrea, Undurraga eta Solatxi auzoetan etxe inguruko asfaltatze lanak egitea aurreikusten dute. Bekolanda n, bertako errepideko zati osoa asfaltatuko da, eta Zubialde n, plaza inguruko zatia konponduko dute.
Proiektu hau Bizkaiko Foru Aldundiaren Landa-bideen dirulaguntzaren bidez gauzatuko da. Laguntza honen helburua Bizkaiko Lurralde Historikoko Udaletan landa-bideak hobetzeko jarduketak egitea da, eta horretarako bost milioi euroko aurrekontua prestatu zuen foru erakundeak.
Zeberioko lanetarako bideratuko diren 116.000 euroetatik, %65a Foru Aldundiaren dirulaguntzatik etorriko da; gainontzeko %35a Udalak ordainduko du. Zeberio, Arratia-Nerbioi eskualdeko landa-izaera nabarmena duen udalerria izanik, foru-planaren irizpideetan txertatzen da.
Udalak lan hauek 2027ko ekainaren 30a baino lehen amaitu beharko ditu, beranduenez.
Bestalde, Zeberioko gazteek hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen Sandonietako jaietarako, irailaren 2tik 7ra bitartean. Egitarauan makarronada, bikoteen jolasa eta Marianito pintxada nabarmentzen dira, besteak beste. Gainera, doako gaueko taxi zerbitzua ere jarriko dute irailaren 5eko gauean, Ugaotik Igorrera arteko ibilbidea eginez.
Jaietan, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna izango da haurrentzat, baita elektrotxarangak, txapelketa gastronomikoak eta jubilatuen bazkaria ere. Tukanon talde zeberioztarrak ere kontzertua eskainiko du Bilboko Aste Nagusian abuztuaren 27an.
Urizarreko auzotarrek San Bartolome Eguna ospatuko dute abuztuaren 24an, meza eta luntxa eginez.




