Aretxabaletako Udalak irtenbide berria eskaini nahi die urteak daramatzaten hutsik dauden edo jarduera ekonomikoa hartzeko aukera gutxi duten beheko lokalei. Azaroaren 18ko osoko bilkuran onartutako ordenantza berriak 2003ko araudia ordezkatuko du, gaur egungo hirigintza-, etxebizitza- eta irisgarritasun-araudira egokituz.
Lokal hutsak etxebizitza bihurtzeak abantaila bikoitza du: herrian etxebizitza gehiago sortzen da lurzoru berririk okupatu gabe, eta erabili gabe zeuden espazioei bizitza ematen zaie. Jabeentzat ere aukera berria da, orain arte irtenbiderik ez zuten lokalei erabilera emateko.
Lokal batetik sortzen diren etxebizitzak udal etxebizitza tasatu gisa kalifikatuko dira eta, horregatik, prezio mugatua edukiko dute betirako. Alokairua ere mugatua izango da eta ohiko bizileku izango dira; ez dira erabilera turistikorako erabiliko. Bizigarritasun-baldintza guztiak bete beharko dituzte: argi eta aireztapen naturala, irisgarritasuna eta isolamendua. Ez da etxebizitzarik onartuko sotoetan edo erdisotoetan.
Aldaketa ez da orokorra izango. Merkataritza-ardatzak babestuta geratzen dira, eta lokal bakoitza banan-banan aztertuko da. Fatxadak eraikinarekin bat etorri beharko du, eta sarbideak ikusgai eta argiztatuta egongo dira, genero-ikuspegia kontuan hartuta.
Ordenantzak 98 atari jasotzen ditu, horietako 81etan erabilera-aldaketa baldintza berezirik gabe aztertu ahal izango da. Gainerako 17etan baldintza zehatzak beteko dira: lokala goiko solairuko etxebizitzari lotzea, lurzoruaren kalitatea aztertzea, behe-solairuaren kota zehaztua izatea edo aldaketa solairuartean soilik egitea. Zerrendan egoteak ez du aldaketarako eskubide automatikorik ematen: lokal bakoitzak ordenantzako baldintzak bete beharko ditu.
Ordenantza hilabetez egongo da jendaurrean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik. Epe horretan edozein herritarrek edo eragilek alegazioak aurkeztu ahal izango ditu. Ondoren, Udalbatzak behin betiko onartuko du.




