Getariako Udala k herritarrei deia egin die emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean konpromiso aktiboa hartzeko eta azaroaren 25ean antolatuko diren mobilizazioetan eta herriko ekitaldian parte hartzera animatu ditu.
Bi udal taldeek, EH Bilduk eta EAJ-PNVk, adierazpen instituzional bateratua sinatu dute, emakumeen aurkako indarkeria matxista gaitzesteko eta indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeko konpromisoa berresteko. Adierazpenak azpimarratzen du emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa dela, eta haren desagerpenean erakundeek, gizarte-erakundeek eta herritar guztiek konpromisoa hartu behar dutela.
Udalak indarkeria matxistaren aurrean gaitzespen hutsetik harago joateko deia egiten du, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatuz, diskurtso misoginoen aurrean isiltasuna hautsiz, indarkeria ukatzen duten jarrerei aurre eginez eta biktimei lagunduz. Herritarren inplikazio aktiboa ere aldarrikatzen du, indarkeria egoerak antzemateko, prebenitzeko eta eragozteko, neutraltasunerako aukerarik ez dagoela nabarmenduz.
Getariako Udalak hainbat konpromiso hartu ditu: indarkeria matxistaren aurkako kanpainak garatzea, dispositiboak artikulatzea, salaketak eta alertak bideratzea, hezkidetza-programak garatzea eta herritarren sareak aktibatzea, bereziki mutilak eta gizonak mobilizatzeko.
Horrez gain, herritar guztiak animatu nahi ditu azaroaren 25ean antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera eta herrian bertan antolatutako ekitaldian parte hartzera gonbidatzen ditu: 19:00etan, Zarautz Jauregian, helduentzako ipuin-kontaketa saioa, 80 Amandre, Dorleta Kortazarrekin.




