Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 1.374 lanpostu eskainiko ditu maisu-maistrarentzako lan-poltsa berrian. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 24tik abenduaren 22ra arte egongo da zabalik, eta azterketak 2027ko irailaren 18an egingo dira BECen (Bilbao Exhibition Centre), Barakaldon.
Deialdiak 1.374 plaza aurreikusten ditu, horietatik 1.277 txanda librearentzat eta 97 desgaitasuna duten pertsonentzat gordeta.
Plazak zazpi espezialitatetan banatuko dira: Haur Hezkuntza (342), Lehen Hezkuntza (597), Ingelesa (90), Gorputz Hezkuntza (50), Musika (50), Hezkuntza Berezia. Pedagogia Terapeutikoa (203) eta Hezkuntza Berezia. Aholkularitza eta Hizkuntza (42).
Interesdunek azaroaren 24tik abenduaren 22ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak. Deialdiari, parte hartzeko baldintzei eta izena emateko prozedurari buruzko informazio guztia oinarrietan egongo da eskuragarri, www.euskadi.eus webgunean argitaratuta.
Hezkuntza Sailak OPE ziklo hau garatzen jarraituko du datozen urteetan, hezkuntza publikoko kolektibo ezberdinei zuzendutako prozesu berriekin. 2027ko azken hiruhilekoan, Hezkuntza Bereziaren kolektiboari zuzendutako prozesua deituko da, eta 2027 amaieratik 2028 hasierara bitartean, Bigarren Hezkuntzako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Lanbide Heziketako eta irakaskuntza artistikoetako irakasleen kidegoei zuzendutako prozesuak abiaraziko dira, 2028ko irailerako azterketekin.
Aurtengo aurreikuspenarekin, Jaurlaritza legegintzaldi honetan osatuko du hezkuntza publikoko langile guztiak barne hartzen dituen OPE zikloa, eta horrela jarraipena emango zaio langile egonkorrak zentro publikoetako plantilletan sartzeko prozesuari.




